telebista
22:25ean
'Euskara Munduan' dokumentalaren estreinaldia, gaur, ETB1en
A.H.
EITB
Hamar herrialdetan bizi diren euskaldunen testigantzak jasoko ditu saioak, euskararen erabilera eremua uste baino zabalagoa dela agertu eta euskararen munduko mapa marrazteko.
Zein da euskararen erabilera eremua? Zein dira euskaldunon hizkuntzaren mugak? Euskal Herria euskararen herria bada, ez al da gure herria uste baino handiagoa? Galdera hauek guztiak proposatuta, Euskara Munduan dokumentalak mundua zeharkatuko du, bost kontinenteetako 10 herrialdetan profil ezberdina duten euskal hiztunen testigantzak jasotzeko. Herrialde txiro zein aberatsetan, Afrika sakonean edota Japon bezalako herrialde garatuan. Lana, gosea, fedea edota amodioa mugituta, protagonista guztiek ezaugarri komun bat dute: euskara.
Jatorrizko euskaldunak batzuk, euskal jatorririk gabeko atzerritarrak beste batzuk, baina guztiek dute gure hizkuntzarekin harreman estua. Dokumentalean, horien kezka nagusiak agertuko dira, ondorengotza linguistikoa utziko dutenak eta ez dutenak, etxera itzultzea baztertu dutenak eta urrun egonagatik ere euskaraz bizi direnak.
Horien sentipenak aztertuko ditu dokumentalak, euskararekiko harremana nola bizi duten ikusi eta, finean, euskararen mapa latente bat marrazteko. Nola liteke milioi bat euskal hiztun dituen Euskal Herriak bere hizkuntza ia 50 herrialdetan presente izatea?
Euskara Munduan dokumentala bi bidetan ibiliko da: migrazioaren bidea, batetik, euskararen munduko mapa zeharkatuz, eta itzuliko bidaia, bestetik, testigantza eta istorio guztiek Euskal Herrira bueltan ekarriko baitituzte ikus-entzuleak.
Iñigo Asensio kazetariaren dokumentala da Euskara Munduan, eta gaur gauean izango da ikusgai, 22:25etik aurrera, ETB1en.