telebista
Euskal kulturaren topagunea
EiTBk jarraipen zabala egingo dio Durangoko Azokari
A.A.
EiTB
Bertan aurkeztuko diren nobedade guztien berri emango dute irratian, telebistan zein interneten.
EiTBk jarraipen berezia egingo dio gaurtik hasita eta abenduaren 8ra ospatuko den Durangoko Azokaren 49. edizioari. Euskal kulturaren topagune nagusiaren inguruko berriak telebista, irrati eta internet bidez jarraitu ahal izango dira.
ETBko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek egunero zabalduko dute azokaren leihoa, zuzenean Landako Gunearekin bat egiteko. Bertatik emango dute ekitaldi nagusien berri, eta protagonistekin hitz egingo dute. Aurten azokan izango diren sortzaileen arteko solasaldi eta eztabaiden berri emateaz gain, euskal sortzaile askok hartutako autoekoizpenaren bidea aztertuko dute albistegietako erreportajeetan, besteak beste. Bestalde, ETB1en, egunez egun gertatu den guztiaren irudi-bilduma eskainiko dute gauero.
'Euskal Herria Zuzenean' saioan, zuzenekoak egingo dituzte azokatik gaur, eta konexioetan bideoak eskainiko dituzte: aurtengo azokako nobedadeak, saltzaileek nola pasatzen dituzten bost egunak bertan, Durangon sortzen den giroa eta betikoaz aparte azokan salgai egoten diren gauzarik berezienak ere erakutsiko dituzte.
'EiTB Kultura' saioak, Durangoko Azokan izango diren hainbat idazle eta musikari elkarrizketatuko ditu, aurkeztuko dituzten nobedadeak ezagutu eta azoka nola bizi duten jakite aldera. Gatibuko kideak, Keu Agirretxea eta Xabier Iriondo, Ruper Ordorika, Toti Martinez de Lezea, Unai Elorriaga, Jose Javier Abasolo, Hector Ortega, Alberto Muro eta Bernardo Atxagarekin izango dira.
eitb.eus eta Gaztea
eitb.eus-ek Durangoko Azokari eskainitako atari berezia du. Bertan, azokaren egunez eguneko jarraipena egingo dute, albiste, bideo eta argazkien bitartez. Horrez gain, Azoka TBko programazioa zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du.
Eguneko nobedade nagusien eta protagonisten bilduma osatzeaz gain, EiTBko zenbait pertsonaia ezagunek azoka nola jarraitzen duten jakingo dugu eitb.eus-en, eta sare sozialetan mugitzen den informazioari ere arreta jarriko diote.
Bestalde, Gaztearen webguneak streaming bidez emango ditu Ahotseneako eta Plateruenako kontzertuak, baita ostiralean Durango bertatik egingo den Gazteako 'B aldea' irratsaio berezia ere. Ainhoa Urretabizkaia, Xabier Doncel eta Ibon Fernandez zuzenean arituko dira zazpietatik zortzietara bitartean. Gaztea irratiak egunero konexioak egingo ditu azokarekin, eta Ainhoa Urretabizkaia izango dute berriemaile bertatik.
Euskadi Irratia eta Radio Euskadi
Azoka ireki orduko lehen konexioak egingo dituzte Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik, eta egunero, bertan aurkezten diren nobedadeen berri emango dute albistegietan eta magazinetan. Gainera, azokagunetik bertatik egingo dituzte hainbat saio: Euskadi Irratiko 'Hiri Gorrian' eta Radio Euskadiko 'Kultura.eus' eta 'Iflandia', ostiralean, eta Euskadi Irratiko 'Amarauna', igandean.