Itxi

telebista

22:30ean

Bilboko gastronomia, gaur gauean, 'No es País para Sosos'en

A.H.

EITB

Ramon Roteta eta Ander Gonzalez goren mailako sukaldariekin izango dira, besteak beste, Eneko Atxa, Fernando Canales eta Daniel Garciarekin.

  • Guggenheim museoa. Argazkia: EiTB

    Bilboko Guggenheim museoa. Argazkia: EiTB

Gaur, 'No es País para Sosos' saioa Bilboko gastronomian barrena murgilduko da. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek Itziar Atienza aktore eta aurkezlea izango dute gonbidatu, eta horrez gain, beste hainbat aurpegi ezagun izango dituzte saioan: Eneko Atxa, Fernando Canales eta Daniel Garcia sukaldariak, Alex Mumbrú Bilbao Basketeko jokalaria eta Sara Gandara kazetaria, besteak beste.

Bilbao: tradizioa eta abangoardia

Ramonek eta Anderrek Artxandan hasiko dute euren bidaia gastronomikoa. Kate-Zaharra jatetxean Itziar Atienzarekin elkartuko dira, eta txitxirioak abakandoarekin jango dituzte.

Anderren lehenengo geltokia Alhondiga-Bilbao izango da, eta bertan Yandiola jatetxeko jabearekin bilduko da. Ketuen entsalada prestatuko dute bi sukaldariek eraikinaren atarian. Bestalde, hiriko gozoki eskaintza ezagutu nahiko du Anderrek, Pasteleria Suizara joanez. Askotariko aukeraketa egingo du sukaldariak gozotegian, eta Alex Mumbrú saskibaloi jokalariari eramango dizkio, berarekin Bilbao Arena pabiloian kirol hitzordu interesgarria izango baitu.

Bitartean, Eneko Atxa sukaldariarekin bilduko da Ramon. Hiru Michelin Izar dituen Azurmendi jatetxeko jabea da Eneko, eta luxuzko platera prestatuko dute Arriaga antzokiaren aurrean. Plaza Barrian, Ramonek Los Cinco Bilbaínos talde mitikoaren kideak ezagutuko ditu, eta beraiekin batera, Bilboko tabernen pintxo eskaintza zabala dastatuko du.

Ramon eta Ander Licenciado Pozas kalean bilduko dira berriro ere, kasu honetan, Sara Gandara ETBko kirol kazetariarekin, eta El Puertito tabernan ostrak jango dituzte.

Saioaren lehia finalaren aurretik, Michelin Izar bat duen Etxanobe jatetxera joango da Ander, Euskalduna Jauregian. Fernando Canalesek antxoa lasagna prestatuko du Jauregiko eszenatokian. Ramon ez da atzean geratuko, eta Daniel Garcia Zortziko jatetxeko jabearekin bilduko da, hau ere Michelin Izar batekin. Erriberako azokan bakailoa dastatuko dute elkarrekin.

Amaitzeko, bi sukaldarien arteko lehia Guggenheim musoaren aurrean izango da, Itziar Atienzaren begiradapean. Nork erakutsiko du hobeto Bizkaiko hiriburu gastronomia? Nork irabaziko du azken lehia?

'No es País para Sosos' astelehen honetan emitituko da 22:30etik aurrera ETB2n.