telebista
Gaur, 22:15ean
Lehendakariari elkarrizketa, zuzenean, ETB2n eta eitb.eus-en
A.H.
EITB
Amaia Urkia, Silvia Intxaurrondo eta Africa Baeta kazetariek elkarrizketatuko dute. Ondoren, 'El Dilema' saio berezia eskainiko da, lehendakariaren agintaldiko lehen bi urteak aztertzeko.
Iñigo Urkullu lehendakariari elkarrizketa egingo diote gaur, 22:15ean, Bilboko Arte Ederren Museotik zuzenean. ETB2 eta eitb.eus-en emango da Amaia Urkia, Silvia Intxaurrondo eta Afrika Baeta kazetariek egingo dioten elkarrizketa. Agintaldiaren lehen bi urteen gaineko balantzea egiteko eskatuko diote lehendakariari.
Iñigo Urkulluk bere agintaldiaren nondik norakoak aztertuko ditu, eta hurrengo urterako dituen asmoez eta egun gutxi barru aurkeztuko dituen aurrekontuez arituko da solasean. Horrez gain, egun-eguneko gai politikoak, sozialak eta ekonomikoak ere izango ditu hizpide lehendakariak.
'El Dilema' berezia
Elkarrizketaren ondoren, 'El Dilema' saio berezia eskainiko du Euskal Telebistak, eta, Juan Carlos Etxeberria gidari, egunkarietako zuzendariekin aztertuko ditu Urkulluren agintaldiko lehen bi urteak.
Bingen Zupiria (Deia), Martxelo Otamendi (Berria), Lourdes Pérez (Diario Vasco), Iñaki Soto (Gara), Josean Izarra (El Mundo del País Vasco) eta Juan Maria Gastaca (El País egunkariaren Euskal Herriko ordezkaria) zuzendariek legealdiaren azterketa sakona egingo dute. Alde batetik, ekonomia arloa aztertuko dute; bestetik, bizikidetza eta bakegintza, eta amaitzeko, autogobernua.
Horrez gain, Legebiltzarreko taldeetako ordezkarien iritzia jasoko du saioak, eta horiek hainbat alorren inguruan egindako balorazioak bilduko ditu.