Itxi

telebista

Gaur

Donostiako eta Azpeitiko danborradak, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en

A.A.

EiTB

Gainera, asteartean, haur danborrada eta bandera jaitsiera izango dira ikusgai bertatik bertara.

Gaur, Donostiako jairik ospetsuenari emango zaio hasiera gauerditik aurrera. Euskal Telebistaren lehen kateak zuzenean jarraituko du aurtengo danborrada, 22:25ean abiatuko den 'Danborrada Gaua' emanaldi bereziaren baitan. Imanol Artola eta Maite Eskarmendi Donostiako Konstituzio plazan izango dira, eta zuzenean emango dute festaren nondik norakoen berri. Emanaldian zehar, gainera, Unai Etxabek egindako erreportajeak tartekatuko dira, San Sebastian jaien prestaketari buruzkoak. Besteak beste, aurten Urrezko Danborra jasoko duen Pedro Subijana sukaldari ospetsuari eginiko elkarrizketa izango da ikusgai.

Udal liburutegiko erlojuak gauerdia markatzen duenean igoko dute bandera, eta orduan entzungo dira lehen danbor hotsak Donostian. Ohi denez, Gaztelubideko kideak egongo da oholtza gainean, beste 87 konpainietako ordezkariekin eta musikariekin batera. Aurten, gainera, 75. urtemuga ospatzen duen Easo abesbatzako 90 kide izango dituzte gonbidatu. Guztiak batera, Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusiaren esanetara arituko dira, Sarriegi maisuaren doinuak joz eta kantatuz.

Azpeitiak ere ospatzen ditu San Sebastian jaiak, eta bezperan helduen danborrada abiatu ohi dute. Astelehen gauean zehar, ETB1ek zuzeneko konexioak egingo ditu Izaro Iraeta eta Miguel Zendoia kolaboratzaileekin, unean uneko kontakizuna jasotzeko. Donostiako danborrada bukatutakoan, ETB1ek oso-osorik emango du Azpeitiko ospakizuna.

San Sebastian eguna

Asteartean, berriz, Donostiako Haur Danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi, ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:40an hasiko da, eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Beste behin ere, Danbor Nagusiak, jeneralak, laguntzaileek, Easo ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte, 43 ikastetxetako danbor-jotzaileen laguntzarekin.

Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azaltzen. Alderdi Ederretik 4.500 bat neska-mutil abiatuko dira, baina egunean zehar, guztira, 7.000 haur eta gaztetxo inguru arituko dira Donostiako auzoetan eta kaleetan danborra jotzen.

Ospakizunei amaiera emateko, Juan Karlos Izagirre alkateak Donostia hiriko bandera jaitsiko du, gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek 'San Sebastian Martxa' joko dute, azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko. Imanol Artolak egingo du kontakizuna, 23:25etik aurrera.

eitb.eus-en streaming bidez

eitb.eus-ek jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.