telebista
Gaur, 22:25ean
ETB2k 'No es País para Sosos: Entre Dos Fuegos' estreinatuko du
A.E.
EiTB
Ander Gonzalezek eta Ramon Rotetak elkarren arteko lehiari eutsiko diote, eta bi herriren arteko erronka ere egingo dute, sukaldean. Hasteko, Gernika eta Tolosa jarriko dituzte lehian.
Gaurtik aurrera, Ander Gonzalez eta Ramon Roteta berriro izango ditugu ETB2ko programazioan; 'No es País para Sosos: Entre Dos Fuegos' saioa estreinatuko dute. Elkarren arteko lehiari eutsiko diote bi aurkezleek, baina erronka pertsonal hori Euskal Herriko bi herriren arteko erronka bilakatuko dute. Astero, bi herri sukaldean lehiatuko dira. Lehenengo saioan, Gernikak eta Tolosak hartuko dute parte, eta babarrunak prestatzea izango dute ardatz.
'No es País para Sosos' saioak osagai arrakastatsuak ditu: gidoi erakargarria, umore dosiak, sukaldaritza, paisaiak eta bertako pertsonaiak, eta, jakina, aurkezle bikotea, Roteta eta Gonzalez, elkar zirikatzen, orain arte bezala. Horrez gain, bi herriren arteko lehia sanoa izango dugu, eta platoan nor baino nor gehiago ikusiko ditugu.
Bi herriren arteko erronka aurkeztu ondoren, Ander eta Ramon abian jarriko dira. Bakoitzak bere bidea hartu, eta lehiakideak eta osagaiak bilatu beharko ditu. Sukaldeko talentuak, herriak, ohitura, produktuak eta jendea ezagutuko dituzte ibilbide horretan.
Lehiaketarako beharrezkoak diren lehiakide eta osagai guztiak topatu ondoren, Ramon eta Ander platoan elkartuko dira, eta sukaldeko lehia izango dute bertan. Lehen mailako epaimahai batek epaituko du prestatutakoa. Esperientzia, tradizioa eta gaztetasun kosmopolita tartekatuko ditu epaimahaiak.
'No es País para Sosos: Entre Dos Fuegos' gaur, 22:25ean, izango da ikusgai, ETB2n.