telebista
Larunbatean eta igandean
Internet izango du ardatz aste honetako 'Teknopolis' saioak
A.A.
EiTB
Aste honetan programak jaso duen Tecnalia sariaren kronika labur bat ere eskainiko dute.
-
Internet
Aste honetako 'Teknopolis' saioa berri pozgarri batekin hasiko dute: programak Tecnalia saria jaso du telebistaren kategorian, eta sari-banaketaren kronika labur bat eskainiko dute.
Gainerakoan, saioaren gai nagusia internet izango da. Hispavista bilatzaileari buruz mintzatuko dira, hain zuzen ere. 1996. urtean, Donostian, bere sorreran lan egin zuen Unai Eloseguirekin bilduko dira, interneten historiari errepasoa egin eta irauteko gakoak ezagutze aldera.
Dena dela, gaur egun internet ordenagailuan ez ezik poltsikoan ere badaramagu. Telefono adimendunen arrakastaren gakoetako bat sarera konektatzeko erraztasuna da, baina segurua al da? Mugikorrei zuzendutako erasoak areagotzen ari dira, urtean % 300 ari dira hazten. Eta, batez ere, deskargatzen ditugun aplikazioetan ezkutatuta dator arriskua.
Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko Informatika sailean mugikorrei zuzendutako erasoak ikertzen dituzte, besteak beste. Software maltzur horiek aztertzen dituzte, ondoren, horien aurkako programak garatzeko. Adibidez, VirusTotal softwarea mugikorrentzat egokitu dute.
Iñaki Leturiak gidatuta, 'Teknopolis' saioak larunbatean dago ikusgai, ETB1en, 13:30ean; eta igandean, ETB2n, 09:30ean.