telebista
Aurrerapena
Juanitok, Kortak eta transformista batek Patagonia asaldatuko dute
Hiru talde misto izango dira lehian abenturaren bigarren fasean. Juanito eta Korta izango dira talde bateko buru; Secok eta Maritxalarrak, bestetik, talde bana hartuko dute.
‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioko hamaikagarren edizioa askoz zirraragarriago jarriko da Jose Luis Korta eta Juanito Oiarzabal Patagoniara heldutakoan. Kapitain ezagun biak batera iritsiko dira abenturaren bigarren fasera. Eneko eta Laiseka iraganeko kontua dira jada, baina argitzeko dago oraindik kapitainek eta parte-hartzaileek izango duten lehiaketa formatua. Oraingoz, zera aurreratu dezakegu: Juanito eta Korta talde bateko buru izango direla, eta Secok eta Maritxalarrek talde bana hartuko dutela.
Parte-hartzaileak orain arte banatuta (neskak batetik eta mutilak bestetik) egon badira ere, hiru talde misto osatuko dituzte orain. Zeren arabera egingo dituzte taldeak, baina? Bigarren fasean izango den lehen immunitate jokoa egindakoan jakingo dugu.
Hotza eta elurra Andeetako Patagonian
Beste berritasun bat ere izango da aste honetan, lekuz aldatuko baita lehiaketa. Piedra Paradako klima lehorrari agur esango diote parte-hartzaileek, eta Andeetako Patagoniara joango dira, bi mila metrotik gorako altueran hotza eta elurra jasatera.
Klima eta lehiaketa bera hain gogorrak izanik, Andreak txakalaldia jasango du immunitate jokoan. Elur gainean egin beharreko lehia izango da, oso gogorra; mendi-hegal izoztu eta aldapatsu batean hainbat aldiz gora eta behera egin beharko dute taldeek, ekaitz baten erdian.
Baina Andrea ez da izango abenturaren atal berri honetan txarto ibiliko den bakarra. Txejo ere gogo txarrez dabil eta ikusteko dago saioan aurrera egingo duen.
Hiru lehiakide berri
Aste honetako saio bikoitza osatzeko, hiru lehiakide berri izango ditugu. Andeka bigarren aldiz izango da abenturan, Angelek medikuaren baja jaso ondoren, haren lekua hartuko baitu. Sergio, ‘Conquistour’ saioko irabazlea, ere sartuko da saioan. Baina hirugarren lehiakideak emango du zeresanik gehien. Javi (Gasteizen bizi da, baina Paraguaikoa da jatorriz) transformista da, Layza Fox du izen artistikoa eta Juanitoren eta Kortaren taldean egongo da.
Zer irudituko zaie kapitainei transformista bat izatea taldean Patagoniako egoera latzetan? Igandean eta astelehenean ikusiko dugu, 22:20 inguruan, ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioaren atal berrian, ETB2n.
Saioaren ostean, astero legez, ‘El Conquis’ debatea izango da ikusgai, Patxi Alonsoren eskutik. Oraingo honetan, Eneko Van Horenbecke izango da debateko protagonista nagusia, joan den astean kapitainen dueluan kanporatu egin baitzuten. Enekok kontu asko ditu azaltzeko ‘El Conquis’ debatean, kritika ugari jaso baititu lehiaketako lehen lau asteetan. Urdaibai taldeko arraunlariarekin batera izango dira debatean Roberto Laiseka eta Ziortza, eta baita asteroko tertuliakideak ere: Gotzon, Amaia, Sandra, Isa, Ibon eta Julen Madina. Layza Foxek Patagonia asaldatuko du, eta Gasteizko beste transformista baten bisitak (La Polaca du izen artistikoa, eta Layza Foxen lagun ona da) umore puntua jarriko dio debateari. Ikusi beharreko saioa, beraz.