telebista
Gaur gauean, 22:20an
Enplegua eta Falcianiren zerrenda hizpide, 'Por Fin, Viernes' saioan
A.A.
EiTB
Enpresa munduko iraultzaile batekin, Koldo Saratxagarekin, hitz egingo du Silvia Intxaurrondok. Gainera, Marcos García Rey eta Carlos Hernanz kazetariak ere izango dira gaur gauean, 22:20an, ETB2n.
Gaur gauean, 22:20tik aurrera, ETB2ko 'Por Fin, Viernes' saioan, azkenaldian guztion ahotan dabiltzan bi gai garrantzitsu jorratuko dituzte: enplegua eta Falcianiren zerrenda.
Koldo Saratxaga egungo enplegu sistemarekin oso kritikoa da. Harekin ere hitz egingo du Silvia Intxaurrondok, eta langabezia handiko garaiotan bestelako enpleguak sor ote daitezkeen aztertuko dute. Saratxaga iraultzailea da enpresa munduan, eta egunez egun erakusten ari da bateragarriak direla negozioen arloan arrakasta izatea eta harreman gizatiarragoak edukitzea, pertsonei dagokien balioa emanda.
Gainera, platoan ezagutuko dituzten kasuen bidez, eta Intxaurrondoren asteroko erreportajearen bitartez, langabeziaren arazoari irtenbidea emateko gakoak ekintzaile izatea eta autoenplegua direla erakutsiko dute.
Bestalde, sakon aztertuko dute asteko gai garrantzitsuenetako bat: Falcianiren zerrenda. Horretarako, gai hori ongien ezagutzen duten kazetarietako bi izango dituzte platoan: Marcos García Rey, Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoko kidea, eta Carlos Hernanz, zerrenda horretako izenak argitaratzen ari den El Confidencial egunkari digitaleko kidea.
Javier Muguruza Arrese ere hartuko dute gaur gaueko saioan. 1999tik 2003ra Bizkaiko Ogasun Saileko zuzendari izan zen, eta gai horri buruzko ikuspegia emango du, bere esperientziatik abiatuta.
Horrez gainera, Julio Ransés Pérez Boga, Estatuko Ogasun ikuskatzaileen presidentea, ere elkarrizketatuko dute 'Por Fin Viernes' saioan, balizko iruzurgile batzuen izenak jasotzen dituen zerrenda argitaratzeak Euskadin izan duen eragina ezagutzeko, eta ustezko iruzurgile horien kontrako borrokan foru ogasunek hartu dituzten eta hartuko dituzten neurriak zein diren jakiteko.
>