telebista
Gaur, 21:30ean, ETB1en
Nafarroako Arizkun herrira joango da 'Herri Txiki, Infernu Handi'
A.A.
EiTB
Baztan bailaran dagoen misterioz beteriko herrian murgilduko dira igandean Pagadi eta Zuhaitz.
Gaur gauean, Nafarroako Baztan bailarara joango dira Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga, Baztango Arizkun herrira, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Arizkun misterioz betetako herria da: agoteek bertan hartu zuten ostatu duela mende asko. Urte askoan, kontrabandoa herriko jarduera nagusia izan zen, bertako hainbat gazte Ameriketara joan ziren artzain gisa eta egun, bertan kanpotik etorritako jendea ere bizi da, tartean klausurako mojak.
Zuhaitz Gurrutxagak herriko estanko-supermerkatua ezagutuko du eta bertan konprobatuko du, arizkundarrak ez ezik, kanpotik etorritako jende asko ere bizi dela herrian. Ondoren, herriko Ama Klaratarren komentua bisitatuko du: bertan 13 arrautzako dozenaren mirariaren lekuko izango da.
100 behitik gora dituen etxaldea ere bada Arizkunen. Etxalde honek berezitasun bat du: bertako nagusiak, Arantxak, behi guztiak euren izenez ezagutzen ditu, behi bakoitzak bere izena du. Zuhaitzek Argeliako Gerran borrokatutako arizkundar bat ere ezagutuko du, eta baita Atlantikoaren bestaldera, Ipar Amerikara, lanera joandako artzaina ere, Bibi. Bibi artzainak Amerikako indioek ogia lur azpian egiteko erabiltzen zuten teknika erakutsiko digu.
Arizkun herria mugan egonik, kontrabandorako tradizio handia izan da betidanik eta horren berri emango digu Mikel Pagadik; horretarako ume bat zenetik kontrabandoan aritu izan den Francisco Menta kontrabandista elkarrizketatuko du.
Arizkunen auzo berezi bat ere bada: Bozate. Tradizioak dio Bozate agoteen auzoa izan zela. Agoteen bizimoduaz hitz egingo du Pagadik Xabier Santxotena agotearekin.
Pagadik Arizkungo zalditegira ere egingo du bisita: bertan, zaldi arraza desberdinen berri emango diote. Eta zaldiak bezala, mendian inongo zailtasunik gabe ibili daitezkeen ibilgailu bereziak ezagutuko ditu.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur emitituko da, 21:30ean, ETB1en.
strong>en.