Itxi

telebista

Aurrerapena

Badator kanibalen jokoa, ‘El Conquis’ abenturako zaporetsuena

Beldur gehien eragiten duen jokoak bi sorpresa ekarriko ditu, eta unerik okerrenean dator, tentsio handiko egoera izanik, hiru taldeek asko baitute jokoan.

Abenturan beldur handiena eragiten duen jokoetako bat da eta unerik okerrenean dator, izan ere, tentsio handiko egoera izanik, txantxetarako gogo gutxi dute taldekideek. Hortaz, abenturazaleentzat ziurrenik ez du inolako graziarik izango kanibalen joko eraberrituak.

Bi sorpresa ekarriko ditu jokoak

Jokoaren helburua ez da aldatu, haragi gehien lortzen duen taldeak irabaziko du, baina, urtero legez, sorpresa ugari ekarriko ditu oraingoan ere; bi sorpresa, zehatzago esateko. Batetik, hainbat haragi mota izango dituzte menuan, denen gustuak ase eta kexurik ez izateko. Bestalde, jokoaren hasieran kapitainek izango dute zeresana, haragi barruan ezkutatutako aizto bat aurkitu beharko baitu talde bakoitzeko kapitainak. Taldeko kideak mugitu ezinik egongo dira, soka batez lotuta, eta kapitainak berak moztu beharko du soka hori, taldekideei jokatzeko aukera emateko.

Guanakoek garaipena lortu nahi dute

Asko dute jokoan hiru taldeek, baina badirudi oraingoan pumen taldea askoz lasaiago iritsiko dela probara; horixe dakar kanpamentu aberatsean egon izanak. Kondorrek, bestalde, garaipen beharra dute; nola edo hala utzi behar dute kanpamentu oso pobrea. Baina baliteke guanakoen taldea izatea garaipena lortzeko premia handiena duena, taldeko giroa baretze aldera; Kortaren eta Juanitoren taldea desegiten ari da.

Ikusiko dugu, beraz, nola jokatzen duen talde bakoitzak abenturako zortzigarren atalean, igandean eta astelehenean, 22:15etik aurrera, ETB2n.