Itxi

telebista

Lankidetza hitzarmena

EiTBk, IBAIAk eta EPE/APVk elkarren arteko lankidetza sendotu dute

A.E.

EiTB

Lankidetza hitzarmena berritu dute, euskal produktore independenteek ekoizten dituzten ikus-entzunezko lanetan parte hartzeko eta ikus-entzunezkoen industriaren alorra indartzeko.

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak, Joxe Portela IBAIA Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidenteak eta Carlos Juarez EPE/APV Euskal Produktoreen Elkarteko presidenteak lankidetza ituna luzatzea sinatu dute gaur Bilbon, euskal ikus-entzunezko ekoizpen independentea sustatzeko lankidetzan jarraitzeko asmoz.

2013an sinatutako hitzarmena berritu ondoren, EiTBk, IBAIAk eta EPE/APVk, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesarekin, lankidetza sendotu dute, euskal ikus-entzunezkoen ekoizpena garatzeko, EAEko ekoizle burujabeek egindako ikus-entzunezkoen esplotazio eskubideak eskuratuz.

Euskal Telebistak, aurten, lau milioi eta erdi eurotik gorako inbertsioa egingo du hainbat zinema proiektu (fikzioa, animazioa, dokumentalak eta film laburrak) eta telebistako film eta sailak bultzatzeko.

EiTBk, IBAIAK eta EPE/APVk 2015eko abendura arte luzatutako hitzarmenak emandako fruituak nabarmendu dituzte. Hartara, elkarlanean jarraituko dute Euskadiko ikus-entzunezkoen industria indartzeko.

Aurreko bi urteak arrakastatsuak eta emankorrak izan dira, bereziki film emariari dagokionez. Proiektu sonatuenen artean, besteak beste, Ocho Apellidos Vascos, Loreak, Lasa eta Zabala, El Negociador eta Txarriboda daude.

Luzatutako hitzarmenaren oinarriak

Lankidetzaren asmoen artean, 'Jatorrizko Finantziazioaren Ataria' lortzea dago, proiektu kopuru zehatz batentzat. Proiektu horiek bideragarrienak izango dira, diruaren eta artearen ikuspegitik. Horrela, Euskal Herritik kanpo, euskal ekoizleek bazkideak bilatuko dituzte, eta babes sendoagoa izango dute proiektuen salmenta eskubideak negoziatzerakoan.

Horrez gainera, euskal zine eta telebista produkzio egonkorra lortu nahi da, kalitatezko proiektu bideragarrien produkzioa bultzatuz. Kontuan hartuko dituzte bai joera eta molde berriak babestuko dituzten proiektuak, bai egile eta lan berriak. Autore-zinemari eta publiko guztiari zuzendutako filmei eskainiko zaie arreta, betiere, merkatuko kultur eta arte beharrei, eta une bakoitzean sor daitezkeen premiei erantzungo dieten lanak aukeratuz.

Euskal eragileen parte hartzea ere bultzatu nahi dute, kontuan hartuta proiektu horietan guztietan, euskaldunak diren egileak, sortzaileak, bitarteko teknikoak, aktoreak, finantzen parte hartzea, kokalekuak eta abar.

Akordioaren jomuga da, halaber, euskararen normalizazioa bultzatzea euskarazko lanen sormen, ekoizpen, zabalpen eta estreinaldien bidez. Euskadin film luzeak, animaziozko filmak, telebistako filmak eta orokorrean ikus-entzunezko beste lan batzuk egitea da xedea.

Itunaren helburua nazioarteko koprodukzioak bultzatzea ere bada, eta, batez ere, Europan eta Latinoamerikan egindakoak, sektoreko enpresei nazioarteko dimentsioa emateko.

Esplotazio eskubideak erosten parte hartuko du ETBk proiektu horietan guztietan. Ekoizle independenteen mesederako izango da aldaketa, hartara produktoreek lanaren titularitatea ez baitute utziko.