telebista
12:00etatik aurrera
ETB2k 'Como en Casa en Ningún Sitio' estreinatu du gaur
EiTB
Astelehenetik ostiralera, eguerdietan izango da ikusgai Patricia Gaztañagak aurkeztuta.
ETB2k 'Como en Casa en Ningún Sitio' saioa estreinatu du gaur eguerdian. Berri hurbilak eta guztion ahotan dauden gertakizunak emango ditu ezagutzera. Solasak ere izango du lekua bertan, eta gizarte arloan azpimarragarriak diren gaiak jorratuko dituzte.
Patricia Gaztañagak aurkeztuko du saioa, eta Marta Elvira kazetaria izango du lagun platoan. Eguneko gaien inguruko ikuspegia emango duten profesionalak ere izango dira horiekin. Erreportari taldeak emango du kalean gertatzen denaren berri: Reyes Prados, Iñigo Iraultza, Rebeca Jimeno, Naiara Vink eta Leire Torre.
'Como en Casa en Ningún Sitio' saioak Euskal Herrian jazotako gertakizun nagusiak bilduko ditu. Gizarte edukiak eta entretenimendua uztartzea da helburua. Erreportariek landuko dituzte berriak, zuzeneko konexioak izango dira eta, gainera, platoan eguneko protagonistak izango dituzte.
Gizon eta emakumeen istorioak ere ekarriko dituzte, gugandik hurbil bizi direnen kontakizunak, sarritan guretzat ere oso gertukoak diren kontuak. Egunero, eta kalean hizpide den gai baten harira, zenbait gonbidatuk euren esperientzia pertsonala kontatu eta gaiaren inguruan eztabaidatuko dute.
Magazinean, egun-egunekoak diren berri asko eskainiko dituzte, albistegietan normalean sartzen ez diren gaiak, hain zuzen ere. Besteak beste, pertsonaia ezagunei buruzko berriak, joera harrigarriak, fenomeno biralak, kanpaina zirraragarriak edo esperimentu soziologikoak ekarriko dituzte.
'Como en Casa en Ningún Sitio' saioak herritarren iritziari ere egingo dio tartea, eta hiru emakumek, erreportariak alboan dituztela, albiste nagusiak komentatuko dituzte egunero.
Peru Fernandez de Gamboak zuzentzen duen saioa Prime-Time Mediak eta ETBk ekoitziko dute, eta zuzenean emango da Miramongo ekoizpen zentroko 26. platotik.
'Como en Casa en Ningún Sitio' 12:00etatik 14:15era izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera, ETB2n, 'Atrápame si puedes' saioaren aurretik.