telebista
22:30ean
Historia handiko lau hondartza, gaur, 'Tu Playa Favorita' saioan
EITB
Maribel Salas, Mikel Goñi, Elena Ibarbia eta Efren Vazquez izango dira ostiraleko saioan protagonista.
Historia handiko lau hondartza berri ezagutuko ditu gaurko 'Tu Playa Favorita' saioak. Maribel Salas aktoreak, Mikel Goñi pilotariak, Elena Ibarbia modeloak eta Efren Vazquez motor gidariak euren hondartza gustukoenen inguruko bidaia aurkeztuko dute, istorio pertsonalak hondartza bakoitzaren historiarekin nahastuz.
Hasteko, Neanderthal garaiko aizkoren bila abiatuko dira Azkorri hondartza bizkaitarraren inguruetan. Izan ere, duela 100.000 urte, inguru hauetan bizi ziren gizakien hainbat arma eta tresna ezkutatzen dira hondartzaren inguruko pinudietan. Maribel Salasek Azkorrin murgilduko ditu ikus-entzuleak, bertoko historiaren berri emanez.
Eta kostatik barnealdera salto egingo du saioak ondoren. Mikel Goñik bere tokirik gustukoena erakutsiko du, Baztango Xorroxin ur-jauzia, seguruenik, Euskal Herriko ur jauzirik ederrena. Toki honen inguruan hainbat kondaira eta istorio daude, eta haien berri emango du Goñik.
Hurrengo gonbidatua Elena Ibarbia modelo gaztea izango da. Gipuzkoako kostaldeko hondartza eder eta ezaguna aukeratu du: Kontxako hondartza, Donostian.
Amaitzeko, Getxoko hondartza batean emango du saioak eguneko azkeneko bainua, Arrigunagan, hain zuzen ere. Historiaz beteriko gotorleku bat eta aixerrota ikusgarria ditu bere inguruetan. Haien berri emateko, Efren Vazquez moto gidaria izango dute saioan.
'Tu Playa Favorita' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.