telebista
Txirrindularitza
Burgosko Itzulia, gaurtik aurrera, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A.
EiTB
Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak emango dute lasterketaren berri, egunero, 15:15etik aurrera.
-
Juanjo Lobato. Argazkia: EITB.
Gaurtik abuztuaren 8ra bitartean jokatuko den Burgosko Itzulia zuzenean jarraitzeko aukera izango da ETB1en eta eitb.eus-en. 15:15ean hasiko da egunero emanaldia, eta Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak egingo dute kontakizuna.
Bost jardunaldi osatu beharko dituzte txirrindulariek, Santo Domingo de Silosen abiatu eta Lagunas de Neilan amaituko den 37. edizio honetan. Azken bi urteetan gailendu den Nairo Quintanak ez du parte hartuko, eta, honenbestez, Dani Monero (Katusha) eta Mikel Landa (Astana) ditugu faborito nagusiak.
Lehen etapak 149 km izango ditu eta Clunia erromatarren garaiko hiri hondakinetan amaituko da. Hiria kokatuta dagoen muinoaren malda gogorra igo beharko dute txirrindulariek, 3. mailako lau mendate igaro ostean.
Asteazkenean, taldekako erlojupekoa jokatuko da Burgos hirian barrena. Ostegunekoa, berriz, sprinterrentzat izango da: 165 km izango ditu Castrojeriz-Villadiego etapak.
Ostiralean, Beloradon abiatuko dira lasterkariak eta Pineda de la Sierrako Valle del Sol aterpetxera iritsiko dira 161 km egin ostean.
Larunbatean etapa erregina jokatuko da: Comunero de Revengan hasi eta kategoria bereziko Lagunas de Neila mendatean amaituko den 170 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Tartean, zazpi portu igaro beharko dituzte gainera.