telebista
Gaur, 22:30ean, ETB2n
'Minuto a Minuto'k bost lider politiko elkartuko ditu lehen saioan
EITB
Aintzane Bolinagak aurkeztuko duen saioaren lehen atalean Andoni Ortuzar, Hasier Arraiz, Idoia Mendia, Arantza Quiroga eta Roberto Uriarte, aurrez aurre izango dira 22:30etik aurrera.
ETB2k 'Minuto a Minuto' saioa estreinatuko du gaur; aktualitatean gertatzen den guztia sakonean aztertuko duen saioa. Aintzane Bolinagak aurkeztuta, zuzenean emango da saioa asteazkenero 22:30etik aurrera.
Eta hasteko, 'Minuto a minuto'k Euskadiko bost lider politiko nagusiak mahai baten inguruan elkartzea lortu du. Andoni Ortuzar (PNV), Hasier Arraiz (Sortu), Idoia Mendia (PSE-EE), Arantza Quiroga (PP) eta Roberto Uriarte (Podemos) aurrez aurre jarriko dira hainbat gairi buruz eztabaidatzeko, tartean autogobernua, Kataluniako prozesua edota Siriako errefuxatuen krisia.
Kataluniak eta irailaren 27ko hauteskundeek atal berezia izango dute aste honetan ETB2ko soan. Euskal Herriko ordezkari politikoei galdetuko diete gai honen inguruan, baina Bartzelonara ere joan da 'Minuto a minuto' saioko talde bat bertakoei iritzia galdetzera eta prozesu honek guztiak jendearengan nolako erreakzioak sortzen dituen jasotzera.
Politikoen eztabaidaren ondoren, errefuxiatuen krisiaren gaiari helduko diote. Euskadiko CEAR elkarteko (errefuxiatuei laguntko elkartea) Patricia Barrena izango dute gonbidatu, eta gaur egun Gasteizen bizi den Sabbah Kaouok Siriako emakumearen iritzia jasoko dute. Horrez gainera, atzerriko harremanetan aditua den Sergio Maydeu ere elkarrizketatuko dute egoera honetan zer egin daitekeen jakiteko.
Saioko azken atalean, Asier Sanchez kazetariak sexu-erasoa jasan zuen emakume baten testigantza ekarriko digu. Saioak eraso hark utzi zizkion ondorioak zeintzuk diren kontatuko du.
Aintzane Bolinagak esperientzia handiko kazetariak izango ditu lagun astero ETB2ko saioan. Juan Carlos Etxeberriak asteko gaiak sakonean aztertuko ditu eta datuak ekarriko ditu. Eta bestetik, Martin Garitano, Xabier Lapitz eta Eva Domaika kazetariek hainbat gairen inguruan daukaten ikuspegia emango dute.
'Minuto a minuto' asteazken gauetan izango da ikusgai ETB2n eta baita eitb.eus-en ere zuzenean. Horrez gainera, saioaren web ofizialak kazetariek egingo dituzten erreportaje eta edukiak erakutsiko ditu astero.