Itxi

telebista

Igandean, ETB-1en

Bertso Egunaren zirrikitu guztiak aztergai, "Hitzetik Hortzera"n

J.A.

EITB

Bertsolaritza eta artea uztartuko dituzte aste honetako saioan.

Artistikoa, ernagarria eta esperimentala izan da aurtengo Bertso Eguna eta Santa Ageda bezperako "Hitzetik Hortzera" saioa osorik egun horri emana dator. Arratsaldeko saioko onaurkiak, afalostekoak eta protagonisten iritziak. Ohiko ataletan ere gisa horretara ibiliko dira: 1970 Bertsolari Eguneko ofizio ederra zuri-beltzekoan eta 2001ean afalostean izandako saio zirikatzailea Zapping-ean.

Hustubetehustu lelopean, Oteizaren bueltan joan zen Kursaaleko saioa. 1.800 bat lagunek gozatu zuten, hemeretzi bertsolarik eta dozena erdi dantzarik oholtza gainean eskaini zuten ikuskizunaz. Aipatzekoa Jon Maiaren bakarkako lana, maindire zuri baten gainean oinutsik bertsotan. Iñaki Gurrutxagak ere ederto baten erantzun zien pilotaren gainean jarri zizkioten puntuei. Eta Zubeldia oholtzara hurbildu ahala iritsi ziren barre-algarak. Beste bertsolarien tranpa guztiak argitara atera zituen. Hutsune guztiak betez emango dute egunaren berri "Hitzetik Hortzera" saioan.

Bertso afarian, behin kupelak hustuta, Maddalen Arzallusek eta Miren Amurizak gitarra eta tinbal soinuekin, euren amei bertso jarri hunkigarriak eskaini zizkieten. Kopla txapelketa ere izan zen gero. Gainera afaltzen zeudenek aukeratu zuten txapelduna. Txapeldun nor izendatu zuten jakin gura duenak, piztu dezala telebista.

Gainera Zizurkilgo San Millan eskolako haurrek, ohitura zaharra berrituz, kopla batzuk kantatuko dizkiete ikus-entzuleei.

"Hitzetik hortzera" igandean izango da ikusgai 15:00etatik aurrera ETB-1en.

Sarean ere ikusgai izango da saioa: www.eitb.com/kultura/bertsolaritza atarian.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista