telebista
Gaur
14 bikote Euskal Herriko Dantza Txapelketan, Seguran
A.E.
EiTB
Arratsaldeko 18:00etan jokatuko da Seguran, eta ETBk eta eitb.eus-ek 21:45ean eskainiko dute. Aurten Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko ordezkariak izango ditu.
Euskal Herriko Dantza Txapelketa gaur jokatuko da Segurako Baratze pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan. 14 bikote arituko dira nor baino nor gehiago txapelketaren 39. edizio honetan. Azken urte hauetako parte hartzerik handiena eta zabalena izango du txapelketak, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko ordezkariak izango baititu.
Astearte honetan (urriak 13) egin da Dantza Txapelketaren aurkezpena eta bertan, Eñaut Telleria Segurako alkateak, Antton Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko Dantza Solteko koordinatzaileak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko zuzendariak, eta Andoni Salas ETBko programa berezien arduradunak hartu dute parte.
Iaz baino lau bikote gehiagok hartuko dute parte Seguran eta honakoa hau da bikote zerrenda: Beñat Olano-Paula Gonzalez, Gasteiz; Manex Alberdi-Amaia Agirre, Bergara; Xabier Artola-Idoia Besada, Irura-Pasaia; Mapi Egues-Ane Zubelzu, Ibarra; Asier Ibarguren-Garazi Gurrutxaga, Azpeitia; Lander Campos-Haizea Hormaetxea, Santurtzi-Leioa; Iker Sanz-Lierni Kamio, Lezo-Vilabona; Mikel Subinas-Maite Beobide, Azpetia; Aimar Odriozola-Izaro Urrestarazu, Ibarra; Beñat Urrutia-Manex Moreno, Sopela-Leitza; Amets Amubieta-Larraitz Larrañaga, Azpeitia; Jon Ander Iriondo-Libe Lizaso, Azpeitia; Ibai Jimenez-Iratxe Lizarburu, Zaldibia-Ibarra, eta Pierre Latasa-Anais Zugarramurdy, Urruña-Donibane Lohitzune.
Ohikoa den legez, dantzariek honako pieza hauek dantzatuko dituzte: zortzi bueltako fandangoa, txistuz Isilkara txistulari taldearen musikarekin edo albokaz Ixiar Jauregi eta Beñat Gartziarekin, eta arin-arina, Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin.
Halaber, epaimahaia Euskal Dantzarien biltzarreko bost adituk osatuko dute: Ander Garitaonandia, Arantxa Garin, Nahikari Vizuete, Koro Sarasola eta Xabier Mendizabal. Janzkera epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.
Txapelketaren inguruko dokumentala ETBn
ETBn, gainera, emanaldiaren aurretik, Seguran urte guzti hauetan egin den txapelketaren historiaren inguruan Agustin Ezenarrok zuzendu eta Iñigo Vaquerizak errealizatutako 1994tik 2014 arteko erreportajea izango da ikusgai.
Segurakoa historia handiko txapelketa da, urtez urte hobetzen eta aldatzen joan dena, batik bat dantza, dantzari eta ikuskizunari dagokienez. Horren guztiaren erantzule izan da Segurako herria. Segurarrak izan dira txapelketa hau Euskal Herriko garrantzitsuena izan dadin lagundu dutenak.
Artxibo lan interesgarria jaso da lan honetan, argazki eta hainbat bideoen laguntzaz. Irudi horien bitartez, txapelketaren eboluzioa jarraitzen du lanak, batik bat telebista bidez ematen hasi zenean, baita dantza eta dantzarien bilakaera ere. Dantzarien testigantzak dute protagonismo berezia eta baita musikarienak ere.
Euskal Herriko Dantza Txapelketa, gaur, 21:45ean, ETB1en eta eitb.eus-en.