telebista
Zuzenean
Olaizola II-Altuna III partida, arratsaldean, ETB1en
A.A.
EiTB
Donostiako Atano III.a pilotalekutik izango da ikusgai Lau t'erdiko Txapelketako final laurdena.
Lau t'erdiko Txapelketako final laurdenen barruan Aimar Olaizolak eta Jokin Altunak jokatuko duten norgehiagoka izango dugu gaurko kirol emankizunen hitzordu nagusia. Atano III.a pilotalekuan jokatuko den jaialdiaren emanaldia ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da, 17:00etatik aurrera. Atariko partida Lau t'erdiko Promozio Txapelketakoa izango da, Gorka eta Jaka artean. Hirugarren neurketan, berriz, Jaunarena-Zubieta eta Dario-Merino II bikoteak izango dira nor baino nor gehiago. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango ditugu berriemaile.
'ETB Kantxa' saioaren aurretik, ohi denez, herri kirolen tartea zabalduko dute ETB1en, Ibon Gaztañazpiren eskutik. Hilaren 18an Arrigorriagan jokatutako harrijasotzaileen IV. Harrigorri sariaren nondik norakoak ekarriko dizkigu hain zuzen ere.
Pala eta padela, ETB4n
ETB4n, bi pala partida eskainiko dira, BBK Ligako 2. jardunaldikoak: 14:00etan, Zubiri-Brefel / Necol-Imanol; eta 20:30ean, Fusto-Aierbe / Gaubeka-Ibai Perez. Iñigo Aiestaranek egingo du kontakizuna Iñigo Oiartzabal lagun duela.
Bestalde, 15:30ean padela izango da ikusgai. Goizean Gasteizen jokatutako Euskal Herriko Txapelketako emakumeen finala. Juanan Legorburuk egingo ditu esatari lanak.