telebista
22:20an, ETB2n
‘Ikusezinen historia’, ostiralean, ‘Objetivo Euskadi’ saioan
Euskal hiriburuetako kaleetan barneratuko da erreportaje saioa, gure artean ikusezinak diruditenen eta etxegabeen inguruko istorioak jasotzeko. Ostiralean, 22:20an, ETB2n.
Normalean begiratzen ez diegun horiei begiratuko die 'Objetivo Euskadi' saioak, gainerakook etxean lo egiten dugunean kalean gelditzen diren horiei, alegia. Erreportaje saioak ikusgai jarriko ditu kalean bizi direnak, eta horien istorioak izango dira protagonistak.
Bizitza puskatu zaiela diote denek, eta bakoitzaren zergatiak ezberdinak dira, baina bizitzak kolpe latza emanez gero, edonori gerta dakiguke horiei gertatutakoa.
Kalean jasotako bizipen pertsonalak
Bilboko kaleetan, Jose Manuel musikaria eta poeta ezagutuko dugu; Ruben, egurra arte handiz lantzen duena; eta Joseba. Ahal duen lekuan egiten du lo, baina nahiago du kalean lo egin, aterpetxean baino.
Bestalde, Maitanek Donostiatik kontatu digun moduan, ?bizitza kalean arriskutsua da, bereziki emakumeentzat?. ?El Cantabro? ezizena duenak, bestetik, ondo ezagutzen ditu Gasteizko Florida parkeko gau hotzak; ia bere ondaretzat dituen bi eserleku daude han.
Urteak daramatzate batzuek gure kaleetako izkinetan aterpe bila; beste batzuek, aldiz, aurrerapauso bat eman, eta udal aterpetxeetan egiten dute lo. Horixe da, hain zuzen ere, Oscarren kasua. Aurrera jarraitzeko ahaleginetan ari da, kosta ahala kosta, nora joanik izan gabe geratu zen lehen eguna zein gogorra izan zen ahaztu ezinik.
Elkartasun adibideak
Bizipen pertsonal horiek kontatzeaz gain, lagun horien bizitza zertxobait hobea izateko ahalegina egiten dutenen iritzia ere jasoko du saioak. Amaia eta Pottoko, esaterako, beharrizan gehien dituztenen alde lanean ari dira aspalditik erakundeetatik. Satur ere elkartasun lanetan dabil, eta ondo daki zer den egoera hori bizitzea, bera ere etxerik gabe utzi baitzuten.
Adierazpen horiek guztiak ikusezinak diruditenen inguruko ?Objetivo Euskadi? erreportaje saioan izango dira ikusgai, ostiralean, 22:20tik aurrera, ETB2n.