Itxi

telebista

Zinema

'La llave de Sarah' eta 'La masai blanca' filmak, gaur, ETB2n

EITB

Naziek Frantzian egindako okupazioan, Parisen bizi zen familia judu baten istorioa kontatzen digu lehen filmak; Europako emakume baten eta masai baten arteko maitasun istorioa, bigarrenak.

Gaur, 16:15ean, La llave de Sarah filma eskainiko digu ETB2k. Gilles Paquet-Brenner zinemagileak zuzendu du film hunkigarria, eta Kristin Scott Thomas aktore britainiarra da protagonista.

Tatiana de Rosnay idazlearen eleberrian oinarritzen da pelikula, eta Parisko Neguko Belodromoaren sarekada jazan zuen familia judu baten istoriora hurbiltzen digu; Bigarren Mundu Gerran, naziek juduen aurka Frantzian egindako sarekada handienera, alegia.

Paris, 1942ko uztaila. Sarah izeneko 10 urteko neskatoa eta bere familia guztia atxilotu ditu Frantziako Poliziak gaueko ordu txikietan, atez ate juduen aurka eginiko sarekada batean. Babesteko asmoarekin, etxeko armairuan ezkutatuko du Sarahk neba txikia, eta askatzen dituztenean bere bila itzuliko dela aginduko dio. 60 urte geroago, Julia Jarmonden istorioarekin uztartuko da Sarahrena. 1942ko sarekada haren informazio bila dabilen kazetari estatubatuarra da Julia. Ikerketan zehar, Sarahren bizitza eta berea lotuko dituzten zenbait sekretu aurkituko ditu eta bere etorkizunaren inguruko hainbat galdera egingo dizkio bere buruari.

Ondoren, 18:10ean, La masai blanca pelikula izango da ikusgai kate berean. Hermine Huntgeburth da horren zuzendaria, eta Nina Hoss eta Jacky Ido, protagonistak. Corinne Hofmannen eleberrian oinarritutako filmean, idazleak berak Afrikan bizi izan zuen esperientzia kontatzen digu.

Mutil-lagunarekin Kenyan oporrak amaitzen ari denean, Lemalian masai gerlaria ezagutuko du Carolak. Txundituta, harekin maitemindu eta itzultzeko bidaia bertan behera uztea erabakiko du. Bakarrik itzuliko da mutil-laguna etxera; Carola, berriz, Lemalianen atzetik, Barsaloira iritsiko da, Lemalianen tribuaren herrira. Suitzara itzultzea eta bere familiari aurre egitea erabakiko du Carolak, ondoren Afrikan bizitza berri bat hasteko. Bere bizitzako maitasun handi hori, baina, probarik gogorrena bilakatuko da.