telebista
23:45ean
'Los ojos de la guerra' dokumentala, gaur gauean, ETB2n
Honako gerra korrespontsalen testigantzak bilduko ditu: Mikel Ayestaran, David Beriain, Gervasio Sanchez, Hernan Zin, Javier Bauluz, Sergio Caro, Enrique Meneses, Jon L. Anderson eta Rosa Maria Calaf.
Gaur gauean, ETB2n, Los ojos de la guerra dokumentala izango dugu ikusgai. Giza eskubideen alde egin eta horien urraketa salatzen du dokumentalak, gerra korrespontsalen bizitzaren, begiradaren eta lekukotasunen bidez. Gerra berriemaileok, gizakiaren gatazkan eta honek dakartzan ondorioetan sakonduz, giza izaera bera ere zalantzan jartzen dute.
Dokumentalak Afganistan, Jugoslavia, Irak eta Afrikako gerrak hurbilduko dizkigu. Hainbat alderdi garrantzitsu aztertuko dituzte: bertako prentsaren garrantzia, gerraren eragina biktimengan, gai horren tratamendua kazetarien aldetik, eta gatazka armatuen ondorioen lekuko diren gerra erreportariek dituzten arriskuak. Gerraren arriskuaren eta egia kontatzeko nahiaren erdian kokatzen dute bere burua.
Gerrako hainbat erreportariren lekukoak biltzen ditu Los ojos de la guerra dokumentalak. David Beriainek Afganistanen bizitakoa azalduko du; Gervasio Sanchezek, Jugoslavian ikusitakoa; Mikel Aiestaranek, Iraken gertatutakoa, eta Hernan Zinek, Ruandan jasotakoa. Halaber, Javier Bauluz, Sergio Caro, Enrique Meneses, Jon Lee Anderson eta Rosa Maria Calaf kazetarien azalpenak ere bilduko ditu.
Los ojos de la guerra dokumentala gaur izango da ikusgai, 23:45ean, ETB2n.