Itxi

telebista

22:30ean

'Tú al Norte y Yo al Sur' saioaren final handia, gaur, ETB2n

EITB

Amets, Ekain eta Jonpe (Ardalesen) eta Maria, Laura eta Pedro (Getarian) dira garaipena lortu nahi duten sei lehiakideak.

Gaur gauean jokatuko da 'Tú al Norte y Yo al Sur' saioaren final handia ETB2n, 22:30ean. Zortzi lehiakide euskaldunek Andaluzian hasi zuten abentura, eta zortzi andaluziarrek, berriz, Euskal Herrian, eta iritsi da helmugara heltzeko mementoa. Sei lehiakide baino ez dira geratzen (hiru euskaldun eta hiru andaluziar), eta horien artetik irtengo dira lehen edizioko irabazleak: andaluziarrik euskaldunena eta euskaldunik andaluziarrena aukeratuko dituzte.

Espero ez duten bisita jasoko dute lehiakideek goizean, baina, denborarik galdu gabe, eguneko lehen erronka gainditzeko ahaleginetan murgilduko dira: euren itxura aldatu beharko dute guztiek. Euskaldunek andaluziar jantziak eta orrazkerak erabili beharko dituzte horretarako. Ametsek, Ekainek eta Jonpek Ardalesen egingo dute aipatu erronka. Mariak, Laurak eta Pedrok, ostera, euskaldun tankera hartu beharko dute Getarian.

Arratsaldean, saioko unenik unenak gogoratuko dituzte, eta herritarren aurrean egin beharko dute berba. Programa irabazteko eginiko merezimenduak goraipatu beharko dituzte horretarako lehiakideek, bakoitzak bereak. Getariako eta Ardalesko biztanleek erabakiko dute zein diren lehen edizioko garaileak.

'Tú al Norte y Yo al Sur' saioaren finala gaur egongo da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera. Ez galdu!