Itxi

telebista

22:30ean

'Los juegos del hambre' filma, gaur, 'La Noche de...'n

EITB

'LND'k zinema eskaintzarik onena prestatu du abendurako, horrez gain, Gangser Squad, El discurso del Rey, J. Edgar, Golpe de efecto eta Intocable filmak eskainiko baititu.

'La Noche de...' saioak zinema eskaintzarik onena prestatu du abendurako. Felix Linaresek aurkezturako saioak zine arrakasta handiak emitituko ditu astez aste: Los juegos del hambre (The Hunger Games), Gangser Squad, El discurso del Rey (The King's Speech), J. Edgar, Golpe de efecto (Trouble With the Curve) eta Intocable (Intouchables). Telebistako pantaila txikira aktore handien interpretazioak ekarriko ditu saioak eta, besteak beste, Jennifer Lawrence, Collin Firth, Sean Penn, Clint Eastwood eta Leonardo Di Caprio ikusiko ditugu. Saioak, gainera, pelikula bakoitzaren datu guztiak emango ditu emanaldiaren aurretik, asteartero, 22:30ean, ETB2n.

Gaur gauean emango dio hasiera zinema zikloari, Los juegos del hambre (The Hunger Games) saga ezagunaren lehenengo pelikularekin. Jennifer Lawrence aktorea da protagonista, eta Kapitolioak bere inguruko 12 auzoak gogor kontrolatzen dituen etorkizuneko garaian dago girotuta. Urtean behin, auzo bakoitzak 12 eta 18 urte bitarteko neska bat eta mutil bat bidali behar ditu 'Hunger Games' lehiaketara, telebistaz eskainiko den hil edo biziko lehiaketara, hain zuzen ere. Katniss Everdeenek (Lawrence) bere ahizpa ordezkatuko du jokoetan, eta gainerako partaideak hil beharko ditu berak bizirauteko.

Ostiral honetan, The Hunger Games sagako laugarren eta azken pelikula estreinatuko da zineman, eta sagaren hainbat datu bitxi emango ditu Felix Linaresek astearteko saioan. Horrez gain, Jennifer Lawrence aktorearen ibilbidea errepasatu eta gustatzen zaizkion eta gustatzen ez zaizkion gauzak azalduko ditu. Gainera, Lawrencek aktore ezagun bat jazarri zuela jakin du 'LND'k.

Astearteko saioaren gainerako edukien artean, Politicamente incorrecto atalak aspaldiko pelikuletako jokaera matxistak azalduko ditu, eta, ondoren, Chaplinen pelikula mutuetako batean telefono mugikor bat atzemango du Linea caliente atalak.

Abendurako zinema eskaintza bikaina

Abenduan eskainiko den lehenengo filma Ganster Squad izango da. 1949ko Los Angeles hirian girotuta dago, eta Sean Penn aktorea 'Mickey' Cohen gangsterraren azalean sartuko da. Josh Brolin eta Ryan Goslin, berriz, LAPDko talde bereziko kideak izango dira, eta gangster boteretsua atxilotu eta hark lortutakoa desegiteko helburuarekin edozer egiteko prest egongo dira.

El discurso del Rey (The King's Speech) norbere mugak gainditzeari buruzko istorio hunkigarria da. Collin Firth aktoreak lan bikaina egin du George VI.a Ingalaterrako erregea hezurmamituz. Erregearen toteltasuna eragozpen larria da bere karguaren zereginetan, eta Lionel Logue (Geoffrey Rush) logopeda adituari laguntza eskatuko dio. Teknika oso bereziak erabiliz, erregearen zailtasuna zuzenduko du Lionelek. Lanak lau Oscar sari lortu zituen; pelikula onenaren saria eta aktore onenaren saria (Firthek jaso zuen), besteak beste.

Halako zinema ziklo batean ezinbestekoa da Clint Eastwooden pelikularen bat eskaintzea. Kasu honetan, 'La Noche de...'k Eastwooden bi pelikula emango ditu: J. Edgar eta Golpe de efecto.

J. Edgar Eastwoodek zuzendutako filma moldeak hausten dituen biopica da, eta ia 50 urtez FBIko zuzendari nagusia izan zenaren bizitza islatzen du. Edgar jaunak Ameriketako Estatu Batuetako hainbat pertsonaia garrantzitsuren sekretuak zituen bere esku, eta, hori dela eta, herrialdeko pertsonaia boteretsu eta beldurgarrienetako bat bihurtu zen. Edgar pertsonaiaren papera eginez, Leonardo DiCapriok aktore onenaren Urrezko Globo Sarietarako izendapena lortu zuen.

Robert Lorenz Clint Eastwooden zuzendari laguntzailearen filma da Golpe de efecto (Trouble With the Curve). Zinemagile gisa egin duen lehenengo pelikulan, Eastwood du protagonista, eskarmentu handiko beisbol begirale adindun baten pertsonaiaren paperean. Gizon hori ikusmena galtzen ari da, eta bere alabarekin Atlantara bidaiatuko du talentu handiko kirolari gazte bat behatzera.

Amaitzeko, 'La Noche de...'ren urteko azken pelikula Intocable (Intouchables) izango da. Komedia dramatiko hunkigarri honek kritikarien eta ikusleen babesa jaso zuen, eta elkarren kontrako bi mundutik datozen protagonisten adiskidetasun istorioa azaltzen du. Aristokrata tetraplegiko aberats batek auzo marjinal batean bizi den laguntzailea kontratatuko du; hasieran oso harreman zaila zirudiena, benetako adiskidetasun leial bilakatuko da.

bilakatuko da.