Itxi

telebista

Pilota

Urrutikoetxea-Irujo Lau T'erdiko finala, gaur, ETBn

A.A.

EiTB

Emanaldi berezia egingo du ETBk Bilboko Bizkaia pilotalekutik, 35 profesional ingururekin.

0:15

Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du Mikel Urrutikoetxeak eta Juan Martinez de Irujok gaur jokatuko duten Lau T'erdiko Txapelketako finala. 35 profesional inguru arituko dira lanean Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 17:00etatik aurrera, 'ETB Kantxa' saioaren bitartez ikusgai izango den emanaldia gauzatzeko. ETB1en eta eitb.eus-en ez ezik, ETB HDn eta ETBko nazioarteko kanaletan (Canal Vasco eta ETB Sat) jarraitu ahal izango da pilotaren hitzordu garrantzitsu hau.

Xabier Euzkitze eta Joxan Tolosa arduratuko dira final handiaren kontakizunaz. Elena Azpeitiak eta Xabier Anduezak pilotalekuan bizi den giroaren berri emango dute, harmailetan dauden lagunekin hitz eginez, eta eguneko protagonistak elkarrizketatuko dituzte arratsaldean zehar.

Pilota emankizuna ahalik eta osatuena izateko, hamar kamera erabiliko ditu Euskal Telebistako errealizazio taldeak, Fernando Lopetegi buru dela. Horietako batzuk bereziak dira, hitzordu garrantzitsuetan soilik erabiltzen direnak.

Horrela bada, jokoaren irudi geldoa erakusten duen Slow Motion kamerarekin pilotarien jarraipen zehatza egingo dute. Ez ohiko irudiak eskainiko dituzte, baita ere, txokoan kokatutako robotizatutako kamerarekin eta kontra kantxako marra zaintzen duen kamerari esker. Halaber, Burubero deritzon kamera erabiliko dute publikoaren irudiak erakusteko. Kamera honen besoa mugitu egiten da eta plano orokorrak ez ezik, irudi zehatzak ere eskaintzen ditu zoomren bitartez.

Igandeko jaialdia osatzeko, honako bi neurketa jokatuko dira: Ezkurdia-Merino / Elezkano II-I. Zabala eta Arretxe-Galartza / Jaunarena-Irusta.

Finala zuzenean ikusterik ez dutenek, 00:20etik aurrera izango dute bigarren aukera ETB1en. Gainera, EiTB Nahieranen ere eskuragarri egongo da.


  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista