Itxi

telebista

22:30ean

Frantzisko aita santuaren lehen 1.000 egunak, gaur, 'Minuto a Minuto'n

EiTB

Vatikanoan izan da Aintzane Bolinagaren saioa, Frantzisko aita santuaren erradiografia egiteko eta Vatileaks 2 auzian inplikatutako kazetariekin hitz egiteko.

  • Frantzisko Aita Santua

    Frantzisko Aita Santua

Gaur gauean, Vatikanoan izango da 'Minuto a Minuto', eta Frantzisko aita santuak duen irudia eta Elizaren inguruan sortu diren azken eskandaluak aztertuko dituzte bertan.

Vatileaks 2 auzian inputatutako bi kazetari elkarrizketatuko dituzte, esklusiban, Aintzane Bolinagak eta Asier Sanchezek: Emiliano Fitipaldi eta Gianluigi Nuzzi. Gainera, Errioxara joango dira, prozesu horretan inplikatuta dagoen Lucio Angel Vallejo Balda apaizaren auzokideekin hitz egiteko.

Italiako hiriburuan bizi diren hainbat familia euskaldunekin izango dira, eta Vatikanoaren inguruan izandako azken kasuei buruz arituko dira haiekin. Elizaren inguruan dagoen segurtasun neurrigabea eta, hura izendatu zutenetik 1.000 egun igaro direnean, Frantzisko aita santuak hartutako neurriak izango dituzte hizpide.

Arrieta monsinorea (Frantzisko aita santuak Vatikanoko Bankua 'garbitzeko' aukeratu dituen bost lagunetako bat) eta Ignacio Echarte jesuita ere izango dira 'Minuto a Minuto' saioan. Frantziskok egindako hainbat bidaiatan laguntzaile izandakoa da Elisabetta Pique kazetaria, eta ondo ezagutzen du aita santuaren alderik gizatiarrena. Haren eguneroko bizitza nolakoa den azalduko digu Elisabettak. Gainera, Afrikatik etorri ostean aita santuak egin duen lehen Angelusean ere izango gara.

Platoan, hauek izango dira: Paloma Gomez Borrero kazetaria, Tomas Muro teologoa, Inazio Arregui Vatikano Irratiko albistegiaren zuzendari ohia, Joaquin Perea apaiz eta irakaslea, Pablo Perez Lopez katedraduna eta Juan Gonzalez Bedoya Elizan aditua den kazetaria.

'Minuto a Minuto', Aintzane Bolingak aurkeztu eta zuzentzen duen saioa, asteazkenetan, 22:30ean, ETB2n.