Itxi

telebista

23:30ean

'Iragana aurretik' Berri Txarrak taldearen dokumentala, gaur, ETB1en

A.H. | EITB

Saioak taldearen 20 urteko ibilbidea errepasatuko du, eta argitaratu duen Denbora da poligrafo bakarra diskoaren nondik norakoak eta 2015eko biraren irudiak bilduko ditu.

0:56

Berri Txarrak-en Debora da poligrafo bakarra disko hirukoitza ardatz hartuta, taldearen 20 urteko ibilbidea errepasatzen duen Iragana aurretik dokumentala eskainiko du ETB1ek gaur gauean. Bertan, diskoaren grabazioen irudiak eta 2015. urteko biraren momenturik onenak ere bilduko ditu.

Taldearen hastapenetan garrantzitsuak izan ziren lekuetara eramango ditu Gorka Urbizuk ikus-entzuleak Lekunberrin zehar. Zuzeneko emanaldietan eta nazioarteko biretan grabatutako irudiek eta garai guztietako argazkiek lagunduko dute Gorkaren kontakizuna, Berri Txarrak-en bilakaeraren urratsak, gakoak eta mugarriak xehe-xehe azalduz.

Horrez gain, hiru estudioetan (Venicen, Madrilen eta Coloradon) eta hiru ekoizlerekin (Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevenson) grabaturiko Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzaren nondik norakoak azalduko dituzte Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre taldekideek.

Berri Txarrak-en 2015eko biraren irudiak eta momenturik onenak bilduko ditu dokumentalak, eta taldearekin batera kontzertuz kontzertu ibili izan diren zaleen testigantzak ere jasoko ditu. Euskal Herriko kontzertuez gain, Bartzelonan eta Madrilen emandako kontzertuetako irudiak ere eskainiko dira, taldeak kanpoan duen oihartzuna islatzeko.

Iragana aurretik gaur emitituko da 23:30etik aurrera ETB1en.