telebista
Saio berriak
'Eskamak Kentzen', 'Berandu Baino Lehen', 'Zinez' eta '3txulo' ETBn
EiTB
Horrez gain, 'Gutarrak Jai School', 'El Conquistador del Fin del Mundo, Amazonas', 'Herri Txiki Infernu Handi', 'Todos Los Apellidos Vascos' eta 'Herri People' itzuliko dira.
Saio berriak estreinatuko ditu Euskal Telebistak 2016. urtean sartzearekin batera. 'Eskamak Kentzen' telesaila, 'Berandu Baino Lehen' elkarrizketa saioa, 'Zinez' euskal filmak eskainiko dituen tartea eta eraberrituak datozkigun 'Gutarrak Jai School', '3txulo' eta 'El Conquistador del Fin del Mundo, Amazonas' izango ditugu ikusgai. Horrez gainera, atal sorta berriekin datoz urte berriko programaziora 'Herri Txiki, Infernu Handi', 'Todos Los Apellidos Vascos' eta 'Herri People'.
'Berandu Baino lehen' elkarrizketa saio berria estreinatuko du ETB1ek gaueko programazioan, datorren astean. Fermin Etxegoien idazle eta kazetaria izango da elkarrizketatzailea, eta bi gonbidatu izango ditu astero. Proiekzio publikoa duten Euskal Herriko pertsonaia ezagunak izango ditu aurrean Fermin Etxegoienek, eta beraiekin hitz egingo du luze beren bizitzez eta jarduerez, eszenatoki ezberdinetan, baina beti estudiotik kanpo.
Lehenengo saioan, Onintza Enbeita EH Bilduko diputatua eta Mikel Pagadi 'Herri Txiki, Infernu Handi' programaren aurkezle eta gidoilaria izango dira. Hortik aurrera, Alex Txikon mendizalea, Toti Martínez de Lezea eta Pako Aristi idazleak, Itxaso Atutxa EAJko BBBko presidentea eta beste pertsonaia ezagun batzuk pasatuko dira 'Berandu Baino Lehen' programatik.
'Eskamak Kentzen' telesail berria hasiko da otsailean ETB1en. Kontserba-lantegi batean girotutako komedia dramatikoa izango da, eta Barbara Goenaga, Loli Astoreka, Itziar Aizpuru, Elena Irureta eta Karmele Larrinaga izango ditu protagonista. Eurekin batera arituko dira Itziar Atienza, Ramon Agirre, Alberto Berzal, Joseba Apaolaza, Maria Urzelai, Ainara Ortega eta Amaia Irazabal.
Il Tre Velieri kontserba-lantegiak hondoa jo duela eta, jabeak lantegia ixtea erabakiko du. Langileek, baina, pauso bat aurrera egitea erabakiko dute orduan: lantegia erosi eta kooperatiba sortuko dute. Denak dituzte erabakiaren aurka, eta zorpetu egingo dira, nahiz eta egoera ekonomiko eskasean egon. Horixe da telesail berriaren abiapuntua. La Competencia Producciones eta K2000 ekoiztetxeek ETBrekin lankidetzan egindako fikzioa dugu.
Horrez gain, astean behin euskal zinemari eskainitako tartea hasi berri da ETB1en, 'Zinez' izenburupean. Euskal film bat emango da bertan astero, eta aurretik Fermin Etxegoienek film horren inguruaren aurkezpen laburra egingo du. 360, Txarriboda eta Camera Obscura izango dira laster ikusiko ditugun filmeetako batzuk. Euskal zine zikloak ere emango ditu 'Zinez' programak.
'Gu ta Gutarrak' saioak, berriz, itxura berria izango du eta 'Gutarrak Jai School' bilkatuko da. Oraingoan, Julen Telleriak aurkezten duen saioan ikastetxe ezberdinetako ikasle taldeak izango dituzte elkarren lehian. Euskal Herriko gelarik jatorrena topatzea izango da helburua eta ikas bidaiarako saria izango dute jokoan.
'Sorgintxulo', '3txulo' bilakatuko zaigu otsailean eta ETB3n izango dugu ikusgai. Gorritxo eta Zurirekin pertsonaia berriak izango ditugu: Laura eta Biktor alde batetik, eta Sasi eta Laino galtzerdiak, bestetik.
Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak Euskal Herrian barrena bidaiatzen jarraituko dute herri txikiak eta bertan bizi diren bizilagunak ezagutu eta herrietako berezitasunak jakitera emateko 'Herri Txiki Infernu Handi' arrakastatsuan. Erreportajea, bakarrizketak, umorea eta bertsoak uztartuko ditu 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak igandero. Urtarrilaren 10ean Mallabian, 17an Iruran (Gipuzkoa), 24an Donezteben (Nafarroa) eta 31n Larrabetzun (Bizkaia) egongo dira.
Urte berriarekin eta datorren astean hasita, 'Herri People' saioaren atal berriak eskainiko dira, Ibon Gaztañazpi kazetariak gidatuta. Euskal pertsonaien bilduma osatzea du helburu erreportaje saio honek, ogibide ezberdinetan aritzen diren herritarren istorioak ezagutzera emanez.
Datorren astelehenean 'El Conquistador del Fin del Mundo, Amazonas' datorkigu. Edizio berri honen gakoa biziraupena izango da. Hastapeneko garaira itzuliko da eta eszenatoki berria izango du: aukeraz beteta dagoen Amazoniako oihana. Patagonia utziko du 11 edizioren ondoren eta eraberritu egingo da saioa. Eszenatoki natural ikusgarrienak erakutsiko ditu, proba gogorrenak egingo dituzte eta erronkarik borrokatuenak.
Horrez gain, saioren osagarri 'El Conquis 2016' izango dugu astero. Patxi Alonsok aurkeztutako saioak ordura arte eman gabeko irudiak erakutsiko ditu eta abenturaren sekretuak eta trikimailuak agerian jarriko ditu. Bertan, lehiakide ohi, kapitain ohi eta saioaren jarraitzaileek hartuko dute parte.
Olga Zabalgogeaskoak aurkeztutako 'Todos Los Apellidos Vascos'en atal berriak izango ditugu. Esperanza Aguirre, Boris Izaguirre, Juan Mari Atutxa, Javier Clemente, Juanma Lopez Iturriaga, Marilo Montero eta Willy Toledo, besteak beste, izango ditugun pertsonaiak. Euren sustrai eta genealogia aztertuko da saioan. Beraien familia historia txikien barrena murgilduko gara.