Itxi

telebista

22:30, ETB2n eta eitb.eus-en

Hauteskunde ondorengo gobernaezintasuna aztergai, 'Minuto a Minuto'n

A.H. | EITB

Estatuan dagoen egoera politikoa aztertuko dute Andoni Ortuzarrekin (EAJ/PNV) eta Odon Elorzarekin (PSE-EE). Saioa Juan Carlos Etxeberriak gidatuko du.

'Minuto a Minuto' gaur itzuliko da ETB2ko ordutegi nagusira, eta hainbat gai jarriko ditu mahai gainean. Hasteko, abenduaren 20ko hauteskunde orokorretako emaitzen ondoren Estatuan dagoen gobernaezintasun egoera aztertuko du.

Alderdien mugimenduak, harremanak eta balizko akordioak aztertzeko, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izango dute platoan. Bingen Zupiria (Deia), Lourdes Perez (Diario Vasco) eta Martxelo Otamendi (Berria) kazetarien galderei erantzungo die.

Odon Elorza PSE-EEko diputatuarekin ere hitz egingo dute, eta Asier Blas politologo eta irakaslea eta Maria Silvestre Deustuko Unibertsitateko irakaslea izango dituzte platoan solaskide.

Horrez gain, 'Minuto a Minuto'k bere hautetsontzi propioa aterako du kalera, herritarrek Espainiako Gobernua eratzeko balizko aukera guztien artean gustukoen dutena aukeratu dezaten. Asier Sanchez kazetariak, bere aldetik, Euskadin bizi diren kataluniarrekin solasaldi txiki bat gidatuko du, azkeneko asteetan bertan izan diren gertakari politikoen gaineko iritziak biltzeko asmoz.

Amaitzeko, Hodei Arrausi kazetariak Greziako Kos uhartera iristen diren errefuxiatuen egoera latza kontatuko du. Hodeik astebete igaro du uharte horretan hango bizimodua eta baldintzak bertatik bertara ezagutzeko. 'Minuto a Minuto' saiorako egin duen erreportajean, uharte horretan dauden euskal boluntarioek egiten duten lana azalduko du.

Juan Carlos Etxeberriak gidatuko du 'Minuto a Minuto' saioa gaur, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.

us-en.