Itxi

telebista

19:45ean

'The Big C' telesailaren estreinaldia, arratsaldean, ETB2n

A.H. | EITB

Laura Linney aktore ezaguna protagonista duen telesail ilun eta dibertigarria da, eta minbizia duen emakume baten eta bere familiaren bizipenak azalduko ditu.

Euskal Telebistak 'The Big C' telesaila estreinatuko du gaur. Showtime etxearen ekoizpen honek minbizia atzeman dioten emakume baten eta haren familiaren bizipenak azalduko ditu, tonu umoretsu eta ironikoan. Gaixo dagoela jakitean, ohitura batzuk aldatu beharko ditu eta horrek bere eguneroko bizitza hobetuko du. Laura Linney aktoreak egiten du Cathy Jamison emakume protagonistaren papera eta Oliver Plattek bere senar heldugabearena.

Errealitate gordinaren kontra egitera behartuta dagoen emakumearen nortasun eta ekintzetan murgilduko den komedia ilun eta dibertigarria da 'The Big C'. Urrezko globo sari bat irabazi du eta Emmy sarietan lau izendapen jaso ditu. Cathy emakume kontserbadorea da, ama eta etxekoandrea, bere bizitza oso ondo egituratuta duena. Gaixotasunari aurre egin behar izatea erronka handia izango da berarentzat, eta bizimodua aldatzeko arrazoia ere bihurtuko da. Cathyri ez zaio batere gustatuko denek emakume sentibera dela pentsatzea, eta bere bizi-sena jarraitzea erabakiko du, ordura arteko bizi ohiturak goitik behera aldatuz.

Ikuspuntu arriskutsu, probokatzaile eta hunkigarri batetik erakutsiko digu Cathyk egunez eguneko biziraupena. Bizitzaren eta bizimoduaren gaineko metafora dibertigarria izango dugu ikusgai telesail honetan, ETB2n, igandero, 19:45ean hasita.

Laura Linney protagonista

Laura Linneyk bikain bete du 'The Big C' telesaileko protagonistaren papera, eta horregatik Urrezko Globo saria jaso zuen. Telebistan ez ezik, zinean ere ibilbide luzea du Linneyk. Oscar sarietarako hiru izendapen jaso ditu: You can count on me (2000), Kinsey (2005) eta Savage Family (2008) filmetan egindako lanagatik. Horrez gain, Truman's Show eta Mystic River bezalako maisulanetan parte hartu du. Telebistan, 'John Adams' minisailagatik Emmy saria eta Urrezko Globo saria jaso zituen.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista