Itxi

telebista

ETB1en

Etxalarren izango da, 22:00etan, 'Herri Txiki, Infernu Handi'

A.H. | EITB

Zuhaitzek eta Pagadik Bortzirietako herrixka polit honetako herritarren bizimodua ezagutuko dute.

0:19

Etxalar bisitatuko dute gaur Zuhaitzek eta Pagadik. Bortzirietako herrixka polit honetan, bertako hainbat herritarren eguneroko bizimodua ezagutuko dute 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.

Esaterako, Pagadik Etxalarko usategietako txabolan elkartzen den lagun talde handiarekin gosari ederra egingo du, eta bide batez, uso ehizan erabiltzen diren egurrezko palak nola egiten diren ikasiko du. 90 urteko emakume etxalartar sasoitsu batekin aldapa luze bat igoko du, bere etxera iristeraino. Emakumeak gaztaroko kontu bitxiak kontatuko dizkio. Etxalarren aspalditik bizi baina estatubatuarra den artzain bautista batekin ingeles klase batera joango da, eta han Etxalarko emakume ikasle koadrila batekin elkartuko da. Koxkola-biltze txapelketetan aritzen den mutil gazte batekin lehia txikia egin eta eguna amaitzeko parrila erraldoi eta mugikor bat duen etxalartar gizon jator batekin txistorra jana egingo du herriko elkartean.

Zuhaitzek herriko okindegian hasiko du eguna. Bertan ezagutuko du okindegiaren negozioa daraman Bizkaiko mutil bat. Kalean gora eta behera dabilela, Zuhaitzek etxalartar jator bat topatuko du bere etxe kanpoaldea mangera batekin garbitzen. Gazte denboran autoarekin hartzen zuen abiadura handiaren inguruko istorioak kontatuko dizkio. Bat batean, Etxalarko errepide nagusitik moto bat ikusiko du abiadura bizian. Motoaren gainean, hiru gazte parrandan. Haiekin hitz egin nahi baina alde egingo diote, lurrera erretzeko pipa bat erori zaiela konturatu gabe. Zuhaitzek pipa hori hartu eta barruan dituen belarren jatorria ezagutu nahi izango du. Abenturatxo horren ondoren, etxean erlauntza piloa dituen gizon jakintsu bat ezagutuko du. Listor asiatikoarekin daukan borrokaren berri eta erleen jakituriaren inguruan hamaika istorio kontatuko dizkio Zuhaitzi, eta gero, herriko elizako kanpandorrera abiatuko dira bertan dagoen erlauntza bat ikustera. Nafarroako harrijasotzaile txapeldunarekin amaituko du, egun bere etxeko lorategian duen trikuharri erraldoiari buruz hitz egiten eta 100 kiloko harritzarra altxatu nahian.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur emitituko da, 22:00etatik aurrera, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista