telebista
Kirolak zuzenean
Emakumeen Ligako Real Sociedad-At. Madril, gaur, ETBn
A.A. | EiTB
Arratsaldean, El Villar de Arnedon egingo den pilota jaialdia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek.
Aste honetako 'Oreka' saioaren barruan, Realak eta At. Madrilek jokatuko duten Emakumeen Ligako 22. Jardunaldiko partida izango da ikusgai. Naxari Altunak, Larraitz Lukasek eta Sara Gandarak egingo dute Zubietan 12:00etan jokatuko den norgehiagokaren zuzeneko kontakizuna.
Arratsaldean, ohi denez, pilota emankizuna egingo dute ETB1ek eta eitb.eus-ek 17:00etatik aurrera. Errioxako El Villar de Arnedoko jaialdia eskainiko dute. Hasteko, Beroiz eta Elezkano II.aren arteko Buruz Buruko Txapelketako aurre kanporaketa jokatuko da. Ondoren, Bengoetxea VI-Aretxabaleta eta Victor-Untoria bikoteak izango dira aurrez aurre. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.
Pilotaren aurretik, herri kirolen tartea zabalduko du ETB1ek. Bezperan Zegaman jokatutako aizkolarien Eusko Label sariko banakako lehiaren berri emango dute Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek.
Eguerdiko 12:00etan, ETB4n, afizionatu mailako Lezamako torneoko finalak eskainiko dira. Iñigo Aiestaranek egingo du kontakizuna Enrique Agirrebeitia lagun duela.
Amaitzeko, 20:00etan eitb.eus-en afizionatu mailako Balenziaga saria txirrindularitza probaren laburpena izango da ikusgai. Pedro Mari Goikoetxea izango da emanaldiaren arduraduna.