Itxi

telebista

Txirrindularitza

Euskal Herriko Itzulia, zuzenean, gaurtik aurrera, EiTBn

A.A. | EiTB

ETB1ek, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta eitb.eus-ek egunero emango dute eguneko etaparen berri.

0:22

EiTBko hedabideek jarraipen berezia egingo diote datorren gaur hasiko den Euskal Herriko Itzuliaren 56. edizioari. Etapa bakoitzeko azken kilometroak zuzenean emango dituzte Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta eitb.eus-ek. Halaber, albistegi zerbitzuetan lasterketaren informazio osoa eskaintzeaz gainera, eitb.eus-en probaren inguruko albiste eta irudi guztiak topatuko ditugu.

Bizkaian hasiko da aurten Euskal Herriko Itzulia, Etxebarrian, eta lehenengo etapa lurralde berean amaituko da, Markina-Xemeinen. Markinan abiatuko da bigarren etapa, eta Amurrion izango du helmuga, Baranbio auzoan, Garrastatxuko ermita ondoan. Lau kilometroko aldapa latza igo beharko dute txirrindulariek bertara iristeko.

Hirugarren egunekoa izango da aurtengo edizioko etapa luzeena, Gasteiz eta Lesaka artekoa. Ostegunean, berriz, Lesakan abiatu eta Oriora iritsiko dira. Etapa ikusgarria espero da egun horretan, hiru aldiz igo beharko baitute Aiako malda zorrotza.

Ostiralekoa, Orio eta Arrate artekoa, izango da aurtengo etapa erregina. 150 kilometro izango dituen ibilbidean, zortzi mendate igaro beharko dituzte (Itziar, Kalbario, Karabieta, Kanpazar, Intxortako Atea, Izua, San Migel eta Usartza) Arratera iritsi aurretik.

Lehia gogorra izango da txirrindularien artean azken egunera arte, larunbatean erlojupekoa jokatuko baitute Eibarren.

Euskal Telebista

ETB1ek eta ETB HD kateak arratsaldero egingo dute bat lasterketarekin zuzen-zuzenean 15:00etan. Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga eguneko helmugan izango dira, eta Alfonso Arroiok motorretik jarraituko du Itzulia.

Bestalde, eguerdiko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan zuzeneko konexioak egingo dituzte lasterketaren inguruko azken berriak jasotzeko, eta gaueko saioetan etaparen laburpena eta elkarrizketak eskainiko dituzte.

Euskadi Irratia

Euskadi Irratiak saio berezia egingo du egunero 15:30etik 17:00etara. Joxe Mari Apaolazak eta Arritxu Iribarrek egingo dute lasterketaren kontaketa Txomin Perurena eta Mikel Astarloza adituen laguntzaz. Aurretik, 12:05ean, lehen konexioa egingo dute Arritxu Iribarren eskutik, eta Iribarrek, 13:30ean, elkarrizketak egingo ditu eta etaparen egoera aztertuko du Xabier Usabiagaren laguntzaz.

Radio Euskadi eta Radio Vitoria

Radio Euskadik eta Radio Vitoriak ere adi-adi jarraituko dute Euskal Herriko Itzulia. Arratsaldero, saio berezia egingo dute lauretatik bost eta erdiak arte, zuzeneko konexioak orduz orduko albistegietan eta etapa hasieraren kontaketa 'Kilometro Cero' saioan. Motoa eta unitate ibiltaria izango dute lasterketa jarraitzen. Alberto Negro buru duen esatari taldea Dani Egañak, Cesar Perez Gazolazek eta Joseba Belokik osatuko dute.

eitb.eus

eitb.eus-en, Itzuliaren webgune berezian, lasterketa zuzenean jarraitu ahal izango da. Gainera, txirrindularitzari eta Euskal Herriko Itzuliari propio eskainitako webgune berezia dute. Hauek ikus ditzakegu bertan: albisteak, argazkiak eta bideoak, lasterketaren historia, etapa bakoitzaren ibilbidea eta sailkapenak, txirrindulariei buruzko informazioa...