Itxi

telebista

Saio berria

Eduardo Strauch Urioste, ETB2ko 'Origen' saioaren grabazioan

Euskaldun jatorria du Strauch Urioste arkitekoak eta Andeetako hegazkin istriputik bizirik atera zen. Euskadin izan da egunotan, Olga Zabalgogeaskoak maiatzean aurkeztuko duen saiora gonbidatuta.

1:38

Eduardo Strauch Urioste (Montevideo, 1947) arkitekto uruguaitar eta Andeetako hegazkin istriputik bizirik irten zenetako bat, Euskadin da egun hauetan, maiatzean ikusgai izango den 'Origen' ETB2ko saioaren grabazioan parte hartzeko.

Olga Zabalgogeaskoak aurkeztuta, euren sustraiak ezagutu nahi dituzten euskal diasporako kideak izango dituzte gonbidatu saio berrian. Hortaz, euren arbasoen inguruan zenbat dakiten eta euren erroetan atzera zenbat ikertu daitekeen erakutsiko du 'Origen' saioak. Halaber, gaur egun Euskadin dituzten ahaideekin batzeko aukera ere eskainiko zaie.

Arbasoen lurra eta sustraiak ezagutzeko aukera

Eduardo Strauch Uriostek gustura hartu zuen saioak Euskadira etortzeko egin zion gonbitea. Bidaiatu eta jendea ezagutzeko aukera izateaz gainera, bere arbasoen lurra eta bere sustraiak ezagutzeko aukera izan du.

Strauch Urioste Montevideo hirian bizi da, Uruguain. Ezkonduta dago eta bost seme-alaba ditu. Arkitektura du ogibide duela 40 urtetik hona eta artista plastiko entzutetsua ere bada. Horrez gain, munduan barrena bidaiatzen du eta Andeetako mendikatean bizi izandako esperientzia izugarria kontatzeko hitzaldiak eskaintzen ditu.

Arkitekturak lagundu zion Andeetan bizitakoari aurre egiten. Denbora gutxian arkitektura proiektuen aitzindari bilakatu zen. Punta del Esten eta Brasilgo mugara arteko hirietan nagusitu zen arkitektura garapen eredua bultzatu zuen.

Gaur egun, arkitektura estudioan jarduten du eta horrez gain, hitzaldiak ematen ditu Andeetako mendatean bizi izandakoa kontatuz. Margotzen ere aritzen da, hori baita urte batzuetatik hona bere grina.

Bere esperientzia kontatzeko beharra

Eduardo Strauchek 30 urtez ez zuen gertatutakoari buruz hitz egin. Egun batean, ordea, bere esperientzia kontatzeko beharra sentitu zuen. Bere asmoa, beste pertsona batzuen bizitzaren ikuspegia aldatzea eta hobetzea da, honako balio hauek landuz: fedea, itxaropena, elkartasuna, lana, diziplina, borondatea eta iraunkortasuna.

Exit izenburupean eskaintzen duen hitzaldiaren ezaugarriak balentria eta hutsalkeriarik gabeko ikuspegi humanista eta heldutasuna dira. Muturreko egoera batean, helburu bat lortzeko lidergoa eta antolatzeko beharra modu naturalean agertzen direla azpimarratu du. Fenomeno honi 'Gizarte berria' deitzen dio.

Euskal kultura eta herriarekiko zaletasuna Jose Pedro Urioste aitonak kutsatu ziola kontatu ohi du Eduardo Strauchek. Dena den, Uruguaira joan zen lehen Uriostetarrak duela zortzi belaunaldi egin zuela kontutan izanda, argi dago lan asko egin dutela familian euskal erroak belaunaldiz belaunaldi pasatzeko.

Eduardoren aitonak hemendik eramandako altzariekin betetako baserria eraiki zuen Uruguain. Bertan, asteburu askotan 52 lehengusu Uriostetar eta urrunagoko 250 ahaide elkartzen dira.

Eduardo Strauch Uriosterekin batera, besteak beste, honako hauek izango dituzte gonbidatu 'Origen' saioan: Juan Martin Guevara Ernesto koronelaren anaia; Maria Pilar Garcia Gurtubay, Noruegako bakailaoa inportatzeagatik nabarmendu zen Simon Gurtubayren ondorengoa; Fernando Solabarrieta, Txileko aurkezle eta kazetaria, eta Fernando Martitegui, sukaldari argentinarra.

i argentinarra.