Itxi

telebista

Kirolak zuzenean

Itzuliko azken etapa eta Binakako finala, arratsaldean, zuzenean

A.A. | EiTB

15:00etan hasiko da Eibarren jokatuko den erlojupekoaren emanaldia eta 17:30ean Bilboko Bizkaia pilotalekuko jaialdia.

0:18

Bi kirol hitzordu garrantzitsu izango ditugu gaur: Euskal Herriko Itzuliko azken etapa eta Binakako Txapelketako final handia. Bi emanaldiak zuzenean eskainiko dira ETB1en, ETB HDn, eitb.eus-en eta ETBko nazioarteko kanaletan (Canal Vasco eta ETB Sat).

Eibarren jokatuko den erlojupekoarekin amaituko da 56. Euskal Herriko Itzulia. 16,5 kilometroko ibilbidea osatuko beharko dute txirrindulariek, tartean Arrateko gaina gaindituz. 15:00etan egingo dute bat Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga berriemaileekin. Alfontso Arroio helmugan izango da parte hartzaileak elkarrizketatzen.

Lasterketa amaitutakoan, 17:30ak inguruan, pilota emankizuna hasiko da Bilboko Bizkaia pilotalekutik. Berasaluze II-Aretxabaleta / Irribarria-Merino II norgehiagokak zabalduko du jaialdia, eta ondoren Binakako Txapelketako finala jokatuko dute Olaizola II-Urrutikoetxeak eta Irujo-Rezustak. Xabier Euzkitzek gidatuko du emanaldia. Ohi denez, Joxan Tolosa izango du alboan kontakizuna egiteko eta Elena Azpeitiak harmailetako giroaren berri emango du eta protagonistak elkarrizketatuko ditu.

Lan-talde zabala bi emanaldietarako

Bi emanaldietan lan-talde eta baliabide tekniko zabalak erabiliko ditu Euskal Telebistak emankizunak ahalik eta osatuenak izateko.

Euskal Herriko Itzulia zuzenean eskaintzeko 50 profesional inguru ari dira egunotan lanean: kazetari, produktore, kameralari eta teknikariak ez ezik, moto, helikoptero eta hegazkin gidariak, eta lotura lanak egiten dituzten motozaleak daude, besteak beste, Eli Areitio buru duen errealizazio taldearekin batera.

Zortzi kamera erabiltzen ditu ETBk lasterketaren nondik norakoak erakusteko: horietako lau helmugan daude kokatuta (tartean, besoa mugitzen zaion Burubero izeneko kamera berezia); beste lauak mugimenduan daude, hau da, hiru motoan doaz eta beste bat helikopteroan.

Bederatzigarren kamera bat ere badute, probaren atarian eta ondoren elkarrizketak egiteko erabiltzen dutena.

Slow Motion eta Polecam kamerak pilotalekuan

Binakako Txapelketako finala eskaintzeko 25 profesional inguru arituko dira lanean Bilboko Bizkaia pilotalekuan larunbat honetan, Fernando Lopetegi errealizadorearen gidaritzapean. Bederatzi kamera erabiliko dituzte eta horietako batzuk bereziak dira, hitzordu garrantzitsuetan soilik erabiltzen direnak.

Slow Motion kamerari esker, pilotarien jarraipen zehatza egin ahal izango dute. Jokoaren irudi geldoa erakusten du kamera honek. Txokoan kokatutako robotizatutako kamerarekin eta kontra kantxako marra zaintzen duen kamerari esker ez ohiko irudiak eskainiko dituzte. Halaber, pilotalekuaren ikusgarritasuna indartu asmoz, Polecam deritzon kamera kokatuko dute.


"all" />

"all" />