telebista
Lankidetza hitzarmena
EiTBk eta Ikastolek lankidetza berritu dute
A.E. | EiTB
Ikastolen jaietan parte hartuko du EiTBk eta zabalpena ere egingo du bere hedabideetan.
-
Maite Iturbe eta Koldo Tellitu
Euskal Irrati Telebistak eta Ikastolen Elkarteak lankidetza hitzarmena berritu dute asteazken honetan, apirilaren 27an. Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak sinatutako akordioaren arabera, EiTB aurtengo ikastolen jaietan egongo da eta jai hauen zabalkudea egingo du bere hedabideetan.
EiTBk irrati eta telebistan emango ditu ikastolen jai ezberdinak iragartzeko egingo diren bideoklipak. Horrez gain, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinezen jarritako gunetik emango dute berri EiTBko irratiek. ETBko albistegiak ere ikastolen jaietan bertan izango dira jazotzen den guztia kontatzeko. Gainera, Hiru3 klubak ere bere txokoa izango du eta ekintza bereziak antolatuko ditu gaztetxoenentzat.
Lehenengo jaia Herri Urrats izango da, maiatzaren 8an, Senpereko lakuan. Ondoren Bizkaikoa, Ibilaldia, maiatzaren 29an izango da Durangon, eta Araba Euskaraz ekainaren 19an Agurainen. Urrian, berriz, 2an Kilometroak Bergaran eta 16an Nafarroa Oinez Viana-Lodosan.