Itxi

telebista

EiTB-ren inkesta

'EiTB Focus' inkestaren bigarren ataleko emaitzak, gaur

A.E | EITB

ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en tarte berezia izango du egun hauetan.

Euskal Irrati Telebistaren 'EiTB Focus' boto-asmoari buruzko inkesta publikoaren bigarren atala gaur argitaratuko dute EiTBko hedabideetan. 'EiTB Focus'en helburua hiritarren iritzia jakitea da. Hartara, inkestok egiteaz gainera, programazio berezia izango da ETBn, Radio Euskadi, Radio Vitorian eta Euskadi Irratian, eta gune berezia eitb.eus-en.

Gizaker enpresak EiTBko albiste zerbitzuentzat egindako inkestak bi zati ditu. Multzo bat nahiko finkoa izango da eta bestea, berriz, gaikakoa eta atal bakoitzeko aldatuko da.

Atal guztietan, aldatu gabe, hainbat gairen inguruan galdetuko du 'EiTB Focus'ek: giro politikoaz, euskal lider politikoen gaineko iritzia eskatuz, hauteskunde autonomikoen gaineko boto-asmoaz, balizko itunen inguruko iritziaz eta Espainiako Estatuko hauteskundeei buruz, besteak beste.

Bigarren ataleko emaitzak, albistegi eta saioetan

Inkestaren bigarren ataleko emaitzak apurka apurka aletuko dituzte. Lehen emaitzak EiTBko albistegietan emango dira ezagutzera gaur eguerdiko albistegietan; halaber, 'EiTB Focus'i buruzko 'Minuto a Minuto' saioan eta 'Mezularia' eta 'Ganbara' arratsaldeko irratsaioetan aztertuko dituzte egun horretan bertan. 'Azpimarra' eta 'Sin Ir más Lejos' saioetan ere egingo dute hausnarketa. 'Minuto a Minuto' saioan Aitor Urresti Gizakerreko soziologoa izango dute. Platoan, berriz, honako politikari hauek izango dira emaitzak aztertzeko: Aitor Esteban (EAJ), Odon Elorza (PSE-EE), Iñaki Oyarzabal (PP), Eduardo Maura (Podemos) eta Oscar Matute (EH Bildu).

Ostiral goizean, 'Egun On Euskadi' ETB1eko albistegian, zein Radio Euskadiko 'Boulevard' eta Euskadi Irratiko 'Faktoria' irratsaioetan jorratuko dute emaitzen bigarren zatia. Halaber, 'Azpimarra', 'En Jake' eta 'Sin Ir Más Lejos' telebistako saioek ere leku zabala eskainiko diote inkestari.

Horretaz gain, '200 En Jake' saio berezia izango da ikusgai ostiralean bertan. Klaudio Landak gidatuta, 200 lagun izango dira eztabaida, 22:30ean. Bertan, 200 herritarrek hauteskunde, alderdi eta itunen iritzia emateko aukera izango dute, besteak beste.

Etxeko ekonomiari buruzko inkesta berezia

Bestalde, atal honetan ere gai jakin bati buruzko inkesta bat badago. Oraingo honetan, etxeko ekonomia izango da eta asteburuan, maiatzaren 21 eta 22an, bigarren atal honetako gai bereziaren emaitzak emango dira jakitera irratian, telebistan eta eitb.eus-en.

eitb.eus web gunean, hain zuzen ere, 'EiTB Focus' orrialde berezian, egiten diren ikerketa guztiak eskura izango dituzte erabiltzaileek, nahi beste eta lasaitasunez kontsultatu ahal izateko. Era berean, EiTBko programa ezberdinetan egiten diren analisiak ere bertan jarraitu ahal izango dira.

'EiTB Focus' inkestaren eremua Euskadi da eta emaitzak lurraldeka zehaztuko dituzte: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.