Itxi

telebista

22:30ean

'La conspiración del silencio'ren estreinaldia, gaur, 'LND...'n

A.H. | EITB

Saioak, gainera, Jessica Alba aktorearen zazpi bizitzak eta Tommy Lee Jonesen nortasuna aztertuko ditu.

Gaur gauean, 'La Noche De…'k La conspiración del silencio filma estreinatuko du telebistan. Benetako gertarietan oinarritutako filma da, eta nazien krimenak ikertzen hasi ziren lehen fiskal alemanen istorioa kontatzen du. Alexander Fehling aktoreak anbizio handiko fiskal gazte baten papera egingo du. Bere herrialdeko instituzio publikoak eta gobernuko hainbat kide Bigarren Mundu Gerrako krimenak estaltzeko konspirazio batean sartuta daudela jakingo du. Felix Linaresek pelikularen filmazioaren eta aktore zerrendaren datu guztiak emango ditu emanaldiaren aurretik.

Bestalde, Jessica Alba aktore estatubatuarra hartuko du 'LND' saioak protagonista. Albaren arbasoak mexikarrak, indioak, arabiarrak eta sefardiak dira. Saioa haren zuhaitz genealogikoan barrena murgilduko da, eta, katuek bezala, zazpi bizitza dituela azalduko du.

Halaber, Hollywooden birziklatzea gustukoa dutela erakutsiko du 'LND'k, pelikula ezberdinetan agertu den soineko bat erakutsiko baitu Línea caliente atalak.

Amaitzeko, Tommy Lee Jones aktoreari buruz arituko da Felix Linares. Izan ere, laster hasiko da 2016ko Donostia Zinemaldia, eta duela urte batzuk aktoreak Donostia saria jaso zueneko momentua gogoratuko du. Horrez gain, Tommy Lee Jonesen nortasuna ere aztertuko du saioak, Los archivos secretos de LND atalean.

'La Noche de… La conspiración del silencio' gaur izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.