telebista
Lehiaketaren irabazlea
Euskadin da Canal Vasco/ETB Sat lehiaketaren irabazlea
A.H. | EITB
Maria Cristina Garciak senarrarekin eta alabarekin egin du bidaia Uruguaitik Euskal Herrira, eta bere familia-kide euskaldunak bisitatuko ditu egonaldian zehar
-
Maria Cristina Garcia eta bere familia
Maria Cristina Garciak, Jose Eduardo Fitipaldo senarrarekin eta Victoria zortzi urteko alabarekin egin du bidaia Uruguaitik Euskal Herrira. Canal Vasco/ETB Sat lehiaketan parte hartu duten 2.648 pertsonen artetik, bera izan da Euskadira bidaia irabazi duena. Hunkituta, sari honek berarentzat duen garrantziaz aritu zaigu.
Bere aitak 1958an idatzitako eskutitz bat eskuan duela iritsi da Cristina EiTBko Bilboko egoitzara. Aitak Bilboko portutik Uruguaiko bidean hartu zuen itsasontzitik idatzitako hitzak dira: lan eta etorkizun hobe bat topatzeko itxaropena islatzen dute, eta baita familia atzean uztearen mina. Inoiz ez zuen izan Uruguain gelditzeko asmorik, baina Cristinaren ama ezagutu zuen eta laster herritartu zen Hegoamerikan. Hala ere, beti izan zuen Euskadi gogoan eta ez zituen inoiz bere erroak ukatu. Aitak bere familiarekin eta herriarekin mantendu zuen harreman berezia jaso eta elikatzen jarraitu du Cristinak.
Aitaren heriotzaren ondoren, Cristinak Euskadira bidaiatzeko aukera izan zuen 2001ean. Orduan ezagutu zituen bere familia-kide euskaldunak, baina arrazoi ekonomikoak zirela eta, berriro bisitan etortzea ezinezkoa egin zitzaion urteetan zehar.
Urtero, bere lehengusu euskaldunek familia bazkaria egiten dute, eta pasa den urtean, bazkarian grabatutako bideoa bidali zioten, hurrengo urtean bertan egoteko eskatuz.
Cristinak pena handiarekin onartuta zeukan aurten ezin izango zuela bertan egon. Alabaina, Canal Vasco/ETB Sat lehiaketaren irabazlea zela esan ziotenean, erabat hunkitu zen, Euskadira itzultzeko aukera izango baitzuen azkenean.
Bilbora iritsi denean, bidaia honek duen garrantziaz aritu da. "Sentimenduz eta bihotzez egindako bidaia da" bere familiarekin berriz elkartuko delako, eta horrenbeste denboraz amestutakoa egi bihurtu delako. Berak bezala, lehiaketa hau irabazten duten guztiek emozio eta sentimendu handiz saria jasotzea espero du Cristinak.
Maria Cristinaretzat gauza handia da Canal Vasco etxean ikusi ahal izatea. Montevideon bizi da eta Cableplus operadorearen bidez jasotzen du seinalea. Etxean betidanik ikusi izan dute, euskal kulturarekin eta herriarekin lotura mantentzeko modua baita eurentzat.
ETBren nazioarteko telebista katetik honako saio hauek ditu gustukoenak: Patricia Gaztañagak aurkeztutako 'Ongi Etorri', 'Vaya Semanita' umorezko programa, albistegiak eta bereziki, 'No Es País Para Sosos'. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek gidatutako saioak Euskal Herriko gastronomiaz eta parajeez gozatzeko aukera ematen dio.
Canal Vasco/ETB Sat katearen eremua
Canal Vasco/ETB Sat katearen seinalea hamar milioi etxe baino gehiagotara iristen da Amerikan eta Europan. Jarraitzaile gehien dituen eremua Hegoamerika da, eta horien artean, %71ak kable-operadoreen bidez hartzen du seinalea.
Hedapenik zabalena Argentinan egiten da, eta jarraian, Uruguain, Kolonbian eta Perun. Horrez gain, Venezuela, Txile, Mexiko, Costa Rica, Panama eta Estatu Batuetako etxe kopuru nabarmenek jasotzen du ETBko nazioarteko katea.
Hipasat satelitearen bidez seinalea jasotzen dutenak %10 dira, eta %18k eitb.eus webgunearen eta beste webgune batzuern bitartez jarraitzen du programazioa.
Gainera, Espainiako kable-operadore guztietan eta Frantziako hiru operadore garrantzitsuenetan dago ikusgai Canal Vasco/ETB Sat.
Lehiaketan, partaidetza handia
Lehiaketan parte hartu duten ikus-entzule asko Uruguai eta Argentinakoak izan dira. Horregatik, ez da harritzekoa irabazlea uruguaitarra izatea.
Dena den, Amerikako beste hainbat herrialdetako ikus-entzuleek ere bidali dituzte erantzunak: Kolonbia, Costa Rica, Paraguai, Kuba, Mexiko, Nikaragua, Venezuela, Panama, Honduras, Peru, Dominikar Errepublika, Bolivia, Brasil, Ekuador, El Salvador, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanada.
Horiek osatu dute gehiengoa, baina Europatik (Frantzia, Ingalaterra, Italia, Belgika, Suitza, Austria, Alemania, Grezia, Hungaria eta Herbehereak, besteak beste) eta Asiatik (Txina eta India, tartean) ere bidali dituzte mezuak.
Guztira, 2.648 pertsonek parte hartu dute aurtengo lehiaketan, eta horien artean, %51a euskal jatorrikoak dira eta %9ak euskara ezagutzen du. Parte hartu dutenen bataz besteko adina 42 urtekoa da.