Itxi

telebista

Kirolak

Futbol liga eta koparen jarraipen zabala, 'Gol Festa' saioan

A.A. | EiTB

Juan de la Vega kazetariak gidatuko du kirol saioa asteburu honetatik aurrera, larunbat eta igande gauetan.

0:17

'Gol Festa' kirol saioak epe berri bat hasiko du larunbat honetatik aurrera. Larunbat eta igande gauetan zuzeneko saioa gidatuko du Juan de la Vega kazetariak EiTBren Bilboko egoitzatik, 22:45ean. Bertan, futbol ligaren eta koparen jarraipen integrala egingo dute.

Larunbateko saioak ordubete iraungo du eta egun horretan jokatutako partiden laburpenak eskainiko ditu. Igandeko programa luzeagoa izango da, 90 minutukoa. Bertan, jardunaldiko irudirik onenen bilduma eskaintzeaz gain, euskal taldeen jarduna aztertzeko mahai teknikoa osatuko dute Txemi Galarraga gidari dela eta zenbait gonbidaturen laguntzaz.

Igande honetako saioan Athletic-Real derbia izango dute arreta gune nagusi. Ikuspegi guztietatik aztertuko dute: zelaian gertatutakoa, zaleek norgehiagoka nola ikusi duten… Horretarako, Luziano Iturrino, Realean eta Athleticen aritutako jokalaria, eta Janire Fragua ETBko kirol kazetaria izango ditu lagun Txemik. Jardunaldiko beste partiden eta golen errepasoa ere egingo dute, eta Alaves-Malaga eta Eibar-Osasuna neurketen azken ordua eskainiko dute.

Halaber, igandeko 'Gol Festa' saioak kirol coach-ari eskainitako atal berezi bat izango du Ibon Uzkudun adituaren eskutik. Astero gai pare bati buruzko iritzi tekniko eta profesionala eskainiko du.

Bestalde, astelehenean jokatuko den Eibar-Osasuna jardunaldi honetako bigarren euskal derbiaren harira, 'Gol Festa'ren edizio berezia gidatuko du Juan de la Vegak egunean bertan, 23:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Dena den, aste barruan partidak daudenean, 15-30 minutuko laburpenak egingo dituzte ETBko kirol erredakzioko lankideek eta 23:55ean izango dira ikusgai.