Itxi

telebista

EiTB taldea

Euskadi eta Migrazioa jardunaldi berezia, gaur, EiTBn

A.E.|EiTB

Migrazioa hainbat alderditatik aztertuko dute ETB1ek, ETB2k, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta eitb.eus–ek.

0:28

Euskal Irrati Telebistak "Migrazioa eta Euskadi" jardunaldi berezia antolatu du gaurko. ETB1ek, ETB2k, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak  eta eitb.eus-ek hainbat alderditatik aztertuko dute gaia.

Elkarrizketak, lekukotzak, eztabaidak eta erreportajeak baliatuz landuko dute migrazioaren gaia. Gaur egungo migrazioaren arazoa aztertuko dute, eta migrazioaren historia errepasatuko dute. Horrez gain, piramide geografikoa aztertu eta immigrazioaren beharra azalduko dute. Xenofobiak ere izango du bere lekua.

Gizabanakoak egoera latzei aurre egin eta bizimodu hobea bilatzeko hartutako erabakiaren adierazpidea da migrazioa. Neurri batean, guztiok gara migrante edo migranteen oinordeko. Gizarteak migrazioetatik osatu dira. Gaur egun, halaber, funtsezko osagai bat erantsi behar da. Europa  zahartzen ari da. Euskadin arazo latza da biztanleen zahartzea. Gainera, zahartze horrek ez du barne konponbiderik, eta badirudi immigrazioa irtenbide izan daitekeela. Gai horiek guztiak izango ditu arretagune EiTBko programazio bereziak.

Hasteko, 'Egun On Euskadi' ETB1eko goizeko albistegian, Naiara Gutierrez CEAR Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordekoa hartuko dute. Halaber, Hodei Arrausi kazetariak Greziako uharteetan errefuxiatuek duten egoera ondo ezagutzen du, eta horri buruz arituko da Estepan Aldamiz-Etxebarriarekin.

ETB2ko 'En Jake' saioak, halaber, tarte handia eskainiko diote migrazioari. Platoan, Mateo Agirre Alboan gobernuz kanpoko erakundearen zuzendariordea eta Gorka Moreno Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria hartuko dituzte; Italiatik, Ane Irazabal izango dute, Europan errefuxiatuen krisia gertu-gertutik ezagutzen duen EiTBren korrespontsala; eta bi erreportaje eskainiko dituzte: Euskadin bizi den ukrainar bati buruzkoa, bata, eta orain dela 50 urte Extremaduratik etorri zen familia baten historia, bestea.

Horiez gainera, Nerea Reparaz Parisko berriemailea Calaisko errefuxiatuen eremua eraisteaz arituko da, Zuriñe Arsuaga ingeniaritza ikasi eta Alemanian bizi den gaztea elkarrizketatuko dute, eta, amaitzeko, zenbait lagun ezagunen iritzia ere bilduko du saioak: Estibaliz Ruiz de Azua, Javier Calparsoro, Toti Martínez de Lezea, Iñaki Lopez, Kepa Junkera, Kirmen Uribe, Garbiñe Biurrun, Unai Basurko, Reyes Pardos, Urko Aristi, Arantza Urretabizkaia, Maitena Salinas, Xabier Paya eta Gurutze Beitia.

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan, emakume etorkinak izango dituzte ardatz. Euren herrian seme-alabak utzita hona geureak zaintzera etortzen diren emakumeei buruz arituko dira.

Arratsaldean, '¡Qué Me Estás Contando!' saioan, Klaudio Landak Arkaitz Fullaondo EHUko soziologo eta Ikuspegiko kidea elkarrizketatuko du. Euskadin migrazioaren egoera  izango du hizpide, eta gai horixe jorratuko dute ondoren aktualitatea aztertzeko mahaian.

Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik erreportaje bereziak eskainiko dituzte, Euskal Herrian harrera egin zaien errefuxiatu batzuen bizipenak erakusteko. Siria, Somalia, Kolonbia eta Kurdistandik etorritako errefuxiatuen bizipenak ezagutuko ditugu 'Faktoria' eta 'Boulevard' irratsaioetan.

Halaber, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioak Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin egingo du mahai-ingurua. Alderdi bakoitzak migrazioen inguruan eta gizartearen zahartzeari aurre egiteko dituen proposamenen inguruan eztabaidatuko dute.

Euskadi Irratian, mahai-inguru berezia egingo da, eta honako partaideak izango ditu: Jesus Prieto Mendaza antropologo eta migrazioetan aditua, Anaitze Agirre SOS Arrazakeriako ordezkaria, Arkaitz Fullaondo Ikuspegi erakundeko ordezkaria eta Miguel Gonzalez SJM Inmigraziorako Jesusen Lagundiak duen zerbitzuaren Espainiako burua. Euskal Herrira etorri eta euskaraz bizi diren etorkinekin egindako erreportajea ere eskainiko dute bertan.

Radio Vitoriaren kasuan, Ikuspegi  Behatokiko ordezkariak izango dira 'Araba Gaur' albistegian elkarrizketatu nagusi. 'El Mirador' magazinak Jesus Prieto Mendaza antropologoa  eta Asier Lopez de Arkaute medikua elkarrizketatuko ditu, eta Gasteiza bizitzera etorri diren etorkinekin egindako erreportaje berezia eskainiko du. 'Alava 7 días' irratsaioan, bere aldetik, Batzar Nagusietako hautetsien eztabaidak migrazioaren gaiari helduko dio.

eitb.eus

Interneten, eitb.eus izango da EiTB Taldearen erreferentzia gaur. Migrazioaren gaiari eskainitako webgune berezian, irrati eta telebistan izango diren eduki bereziak bilduko dituzte. Bertan izango dira egunean jazotako audio, erreportaje, lekukotza eta datu guztiak.