Itxi

telebista

3. atalaren laburpena

Leire azken unean berpiztu da eta Coralen ametsak suntsitu ditu

Berrobikoak Valladolidekoari irabaztea lortu du, aurretik saioa uzteko zorian izan den arren. Marceloren eta David Secoren arteko tentsioa, berriz, gero eta handiagoa da.

Pozik egongo zirela uste zuten putreek kanpamentu oso txirotik atera ostean, baina kanpamentu txiroko hobekuntzek ez dute inor libratzen asanbladatik, ezta ondorengo duelutik ere.

Erkuren marrazoak adi egon dira pista amerikarrean gertatutakoari, eta, zalantzarik gabe erabaki dute Coral jartzea arriskuan, talde urdineko ahulenetakoa baita.

Bestalde, Marcelo Ferreirarenek Leire jarri dute arriskuan, jakin gabe Berrobikoak bizkarreko mina zuela eta dueluaren aurreko gauean saioa uztear izan dela. Dena den, "El Conquistador del Caribe" berezia da; Leirek bere hitza bete du (esan zuen ez zuela saioa utziko), eta ozta-ozta iritsi da duelura, baina, azkenean, uste baino errazagoa izan da. Urari dion izuak geldi utzi du Coral, eta Leirek dueluaz gozatzeko aukera izan du.

Bien bitartean, berdeek ezin zuten sinetsi kanpamentu aberatsean ikusten zuten luxua: oheak, koltxoiak, izara garbiak, dutxa eta janaria prestatu ahal izateko sua. Pista amerikarrean irabazita lortu dituzte erosotasun horiek guztiak. Halere, ez dute irabazi nagusitasun handiz, beraiek hortaz harro azaldu diren arren. Izan ere, talde gorria askoz lehenago iritsi da suontzira, baina Fikerrek ezin izan du piztu garaipena emango ziokeen sua, eta, gainera, zuzia itzali zaio. Ondorioz, gorriak izan dira galtzaileak.

Marcelo Ferreirarenak egoera berean zeuden, baina, bigarren zuziaren bila egin duten buelta taldeko kide guztientzat izugarri gogorra izan den arren, suontzia lehenago piztea lortu dute, eta, ondorioz, kanpamentu txirorako txartela lortu dute.

Marcelo Ferreiraren eta David Secoren arteko eztabaidek saio guztia zipriztindu dute, eta borroka dialektikoa areagotuz doa egunetik egunera.

Egunaren hasieran, ea zergatik egin dioten iseka Gorrotxari galdetu dio Marcelok Davidi. Immunitate jokoaren ondoren, busturiarrak egin dio aurka boxeolariari; joko zikina egin eta ostikoak eman izana egotzi dio.

"El Conquis"en 3. atala Nahieran atarian ikus dezakezu, eta minutuz minutu nola komentatu dugun ere duzu ikusgai.

e duzu ikusgai.