telebista
20. urtemuga
'20 urte ez da ezer' jardunaldia gaur, EiTBn
I.E. | EiTB
Telebistako eta irratiko saioek eta webguneak berak eitb.eus-en 20. urtemugaren leloarekin zerikusia duten eduki bereziak egingo dituzte gaur.
Abenduaren 19an 20 urte bete ziren EiTB Interneten hasi zenetik. 20 urte ez da ezer da eitb.eus berritzaile izan zela eta izaten jarraitu nahi duela erakusten duen leloa. Egunean 100.000 erabiltzaile bakar lortu dituen komunikabidea da webgunea. Gizartean aldaketaz beteriko bi hamarkada izan dira, eta hori erakutsi nahi digu EiTB Taldeak gaur, telebistako eta irratiko saioen eta Internet bidez.
ETB
ETB1en, Amaia Cayerok arratsaldero gidatzen duen 'Ahoz Aho' saioan, eitb.eus-en historiari buruz hitz egingo dute bertako lankide batekin, urte hauetan Internet eta hedabideak nola aldatu diren aztertuz. Webgunearen edukiak erakusten dizkiguten bitartean egingo dute elkarrizketa.
Bestalde, eguerdian ETB2n Xabier Lapitzek zuzentzen eta aurkezten duen 'En Jake' saioak Ser político en 120 caracteres izenburua jasoko duen atalean, bideoak lagun, teknologia berriek, zehazki sare sozialek, egungo politikan izan duten eragina jorratuko dute solasaldirako mahai batean.
Arratsaldero ETB2n Ion Aramendik gidatzen duen '¿Qué Me Estás Contando?' saioan modaren alorrean, nola aldatu garen ikusiko dugu. Ondoren, Adela Gonzalezek eitb.eus webgunea nola elikatzen den eta lan hori nolakoa den ikustea erraztuko digu 'Ahora' saioan.
Azkenik, 'La Noche de?' saioak zinemaren eta saioaren beraren azken urteen errepasoa egingo du, eta gure hirien transformazioari eta teknologien aurrerapenei keinua egingo die.
Irratia
Radio Euskadiko, Euskadi Irratiko, Radio Vitoriako eta Gazteako saioek ere, 20 urte ez da ezer jardunaldian parte hartuko dute.
Radio Euskadin, 'Boulevard' saioak, besteak beste, joera, moda, kontsumo eta oporretan izan ditugun aldaketen berri emango digu. Orain dela 20 urte ez zegoen Internet bidezko deskargarik, eta oso preziatuak ziren CDak, telebistako saio eta telesail aukera gutxi zegoen, liburuak eta aldizkariak berriztatu egin dira, pertsona askoren aisialdia asko aldatu dute merkataritza zentroek, eta kaleetan punta-puntakoak dira pintxo-pote famatua eta gaur egungo gazteek alokatzen dituzten lokalak. Aldaketa horien guztien eta askoz gehiagoren berri entzungo dugu 'Graffiti' saioan.
Euskadi Irratiari dagokionez, 'Faktoria'k 20 eta 40 urteko pertsonak gonbidatuko ditu ezberdintasunak ikusteko; eta horrez gain, orain dela 20 urte euren bizitzan erabateko eragina izan zuen esperientziaren bat izan zituztenen testigantzak ere izango ditu. Duela 20 urte, eitb.eus-ekin batera jaiotako hainbat lagun, elkarte eta talde elkarrizketatuko dituzte, eta horien bidez alderatuko dituzte gaur egungo eta 1997ko mundua, 'Hiri Gorrian'.
Radio Vitorian, eitb.eus-eko Albiste eta Parte hartzearen arduraduna, Lontzo Sainz, elkarrizketatuko dute, EiTBk Interneten izan duen eboluzioa aztertzeko.
Gaztean, 'Dida!'ko Jon Baztarrikak 20 urte hauen laburpena egingo du, umorea erabiliz. Bestalde, Joseina Etxeberriak, nola ez, musikari buruz hitz egingo digu 'Gaztea Box'en; ibilbideaz, jasan dituen aldaketez eta bilakaeraz arituko da.
eitb.eus
Gaur, EiTB Taldearen webguneak azken bi hamarkadetako gizartea eta egon diren aldaketak gogoratuko ditu. Besteak beste, hauen inguruko argazki galeriak eta erreportajeak emango ditu: Google, sare sozial eta smartphone edo telefono adimentsurik gabeko mundua, orain dela 20 urteko eliteko euskal futbola, orain bi hamarkada entzuten zen musika eta zeintzuk ziren hedabideen arreta jasotzen zituzten albiste aipagarrienak.
Baina gauza oso berezi bat ere egingo du. Gure lankideek argazki zaharrak berritu egingo dituzte, horri eskainiko dioten atala irekitzeko. Pertsonak, paisaiak, edozein motatako elementuak? denak balio du orain dela 20 urtekoak eta egungoak alderatzeko.