Itxi

telebista

Literatura

Kirmen Uribe izango da, 15:00etan, 'Sautrela' saioan

A.H. | EITB

Idazleak bere azkeneko eleberria aurkeztuko du: Elkarrekin esnatzeko ordua.

Aste honetako 'Sautrela' saioak Kirmen Uriberen hirugarren nobela izango du protagonista nagusi, Elkarrekin esnatzeko ordua. Ondarroako familia baten istorio (eta historia) liluragarria kontatzen du, eta XX. mendeko Euskal Herriaren historiaren zati handi bat hartzen. Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren jirak eta bueltak gerraurrean, gerran zehar, eta batez ere, erbeste eta Frankismo luzean. Istorio latza eta aldi berean duintasunez betea, zeina Uribek fikzioaren eta kronikaren bidez josi duen. Pertsonaia harrigarri horien patuaz, Euskal Herriaren historiaz eta liburuak izandako harreraz eta abarrez mintzatuko da Beñat Sarasola Uriberekin.

Bestetik, Elena Ferrante izango dute erreportajeko protagonista. Egungo idazle italiar ezagunenetakoa da ezbairik gabe, eta, pseudonimo bat izaki, azken boladan auzitan egon da zein den haren benetako identitatea. Bere tetralogia ezaguna euskaratu berri du Igela argitaletxeak, eta horren harira, Ferranteren soslaia emango dute Fernando Rey itzultzaileak eta Alex Gurrutxaga literatur kritikariak.

Bukatzeko, Asun Agirianok komiki bat izango du mintzagai, Gregorio Muro eta Daniel Redondoren Jon eta Mirka. Duela hogeita hamar urte argitaratu zen estreinakoz, eta berrargitaratzera animatu da orain Harriet argitaletxea. Gaur egundik nola irakurtzen den azalduko du, besteak beste, Agirianok.

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

us-en.