Itxi

telebista

'Zinez' saioan

'Asier eta biok' filma, gaur gauean, ETB1en

eitb.eus

Erredakzioa

Aitor Merino zinema-zuzendariaren eta Asier Aranguren ETAko kide izandakoaren arteko adiskidetasuna du oinarri pelikulak, eta 22:15etik aurrera izango da ikusgai.

0:20

Asier eta biok filma eskainiko du ETB1ek gaur gauean, 22:15etik aurrera, 'Zinez' saioaren baitan. Oinarri-oinarrian Aitor Merino zuzendariaren eta Asier Aranguren ETAko kide izandakoaren arteko adiskidetasuna duela, bakoitzak hartutako erabakiez ari da dokumentala.

Aitor Merino eta Asier Aranguren ikaskide izan ziren Iruñean, 80ko hamarkadan, baina eskola amaitu ondoren, bakoitzak bere bidetik jo zuen. Aitor Merinok Madrilera jo zuen, aktore izateko asmoz; Asier, berriz, Iruñean geratu zen, eta konpromiso politiko handiko ekimen desberdinetan murgildu zen.

Elkarrengandik urrun bizi arren, bien arteko adiskidetasuna ez zen galdu. Urteak igaro ahala, Merinoren ametsa gauzatu egin zen eta aktore bihurtu zen. 2002ko martxoan, aldiz, Asier ezkutatu egin zen, polizia atzetik baitzeukan ETAko kide zelakoan. Asierrek zortzi urte eman zituen espetxean.

Urte haietan, Merinok askotan hitz egiten zien Madrilgo lagunei Asierren inguruan eta euren arteko adiskidetasunaz. Baina bere lagunaren egoera eta ekintzen inguruan egiten zizkioten galderei erantzuteko zailtasunak zituen askotan. Nola azaldu Madrilgo lagunei ETAko kide batekin zuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera?

Asier askatu zuten egunean, 2010eko uztailean, kamera hartu eta galdera horiei erantzuten saiatzeko pelikula bat egitea pentsatu zuen Merinok. Hori egiten eta, aldi berean, zergatik ez, Madrilgo lagunen eta Asierren arteko ulertze-bideak sortzen saiatu zen zuzendaria. Nolanahi ere, bere egitasmoa ez zen uste bezain erraza izan.

Asier eta biok pelikula gaur izango da ikusgai ETB1en, 22:15etik aurrera, 'Zinez' saioaren baitan.