Itxi

telebista

En ETB1 y ETB2

Emakumeak zientzian, aste honetako 'Teknopolis' saioan

EITB

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, emakumeak zientzian bizi duen egoera aztertuko du saioak.

  • Iñaki Leturia, Teknopoliseko aurkezlea. Argazkia: EiTB

    Iñaki Leturia, Teknopoliseko aurkezlea. Argazkia: EiTB

Emakumearen Nazioarteko Egunaren ondorenean, saio monografiko bat eskainiko du 'Teknopolis'ek emakumeak zientzian bizi duen egoerari buruz. Saioak gaiaren bi alderdi landuko ditu: emakumea karrera zientifikoan eta emakumea zientziaren (eta medikuntzaren) ikuspegitik. Non daude emakume zientzialariak? Zergatik uzten dute gizonek baino emakume askoz ere gehiagok karrera zientifikoa?

Munduko ikertzaileen herena baino gutxiago dira emakumeak, %28 UNESCOren arabera. EAEn %35 dira, baina ardura-eskalan zenbat eta gorago jo, orduan eta txikiagoa da ehuneko hori. Berdintasun-falta ez da zientzia-arloaren berezitasun bat, baina badaude kontu batzuk zientziari dagozkionak, berariaz. Adibidez, medikuntzan, botika berriak probatzeko edo gaixotasunak ikertzeko, ia sistematikoki baztertu izan dira emakumeak. Ondorio zuzen bat: emakumeetan hilgarriagoa da infartua, gutxiagotan diagnostikatzen zaielako garaiz. Edo, adibidez, Estatu Batuetan merkatutik kentzen diren botiken %80ren atzean emakumeengan agertu diren albo-ondorioak daude, eta ikerketa-fasean aztertu ez zirenak. Nola izan daiteke ikerketa-lan bat objektiboa eta bikaina ez baditu emakumeak aintzat hartzen?

Datu guzti hauen inguruan arituko dira solasaldi mahairen inguruan hiru lagun hauek: Teresa Nuño, kimikan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko berdintasunerako zuzendaria (2013tik joan den otsailera arte); Arantxa Gonzalez de Heredi, Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko ikertzailea, berdintasun-planaren koordinatzailea; eta Elena Aldasoro, Osasun Saileko medikua, medikuntzan eta berdintasunean aditua.

Horrez gain, saioak eskainiko dituen erreportaje eta bideoetan ere emakumeak izango dira protagonista: besteak beste, Ainhoa Madariaga, Ikerbasque; Estibaliz Capetillo, Achucarro Basque Center for Neuroscience-eko ikertzailea; Marta Macho, UPV/EHUko matematikaria, Mujeres con Ciencia blogaren sortzailea eta 2016ko Emakunde saria; eta Ana Galarraga, Elhuyar Zientzia.

'Teknopolis' saioaren emanaldiak ordutegi aldaketa izango du larunbatean, eta 21:00etan izango da ikusgai ETB1en. Igandean, ETB2k eskainiko du saioa, 10:00etatik aurrera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista