Itxi

telebista

Audientzia

Eskuz Binakako Txapelketako finala, bere ordu tartean nagusi

EITB

Horrez gain, denboraldiko azken 'Herri Txiki' saioak, ETAren armagabetzearen inguruko albistegi bereziek eta Euskal Herriko Itzuliaren emanaldiak audientzia datu nabarmenak izan dituzte asteburuan.

Audientzia datu bikainak lortu ditu Euskal Telebistak asteburu honetan. Eskuz Binakako Txapelketako finala, denboraldiko azken 'Herri Txiki' saioa, ETAren armagabetzearen inguruko albistegi bereziak eta Euskal Herriko Itzuliaren emanaldia nabarmendu dira saio ikusienen artean.

Binakako finala eta Euskal Herriko itzulia

Igande arratsaldean, Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak irabazi zuten Eskuz Binakako Txapelketako finala, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe mendean hartuz. Norgehiagokak piztu zuen ikusmina audientzia datuetan ere nabaritu zen: bere ordu tartean nagusi izan zen %22,3ko audientzia-zatiarekin, euskaldunen artean %33,1ra iritsiz. Halaber, 223.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Euskal Herriko Itzuliaren emanaldiak ere audientzia datu onak izan ditu aurten. Bataz beste, %7,1eko audientzia-zatia eskuratu du, eta euskaldunen artean %12,0ko kuota lortu du. Audientzia metatuari dagokionez, 177.000 ikus-entzulek bat egin dute Itzuliarekin Euskadin eta eragin eremuan.

'Herri Txiki' Getarian

Igande gauean ETB1en ikusgai izan zen denboraldiko azken 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa euskaldunen artean audientzia buru izan zen. Getaria herria protagonista hartu zuen atalak %5,0eko audientzia-zatia eta euskaldunen artean %11,7koa lortu zituen. Halaber, 169.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen.

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren hirugarren denboraldiaren bataz besteko audientzia hauxe izan da: %8,8ko kuota euskaldunaren artean eta 131.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan.

ETAren armagabetzearen albistegi bereziak

Larunbatean, Euskal Telebistak ETAren armagabetzearen jarraipen berezia egin zuen. ETB2n, Xabier Lapitzek aurkeztutako 'En Jake' saio bereziak %9,9 audientzia-zatia lortu zuen eta 196.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan. ETB1en, Amaia Cayerok eta Estepan Aldamiz- Etxebarriak eman zuten armagabetzearen prozesuaren berri, eta datuak hauek izan ziren: %6,1eko kuota euskaldunen artean eta 56.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.