telebista
22:00etan
'Azken sakea. Barriola versus Abel' dokumentala estreinatuko du gaur ETB1ek
A.E.|EiTB
19 urtean goi mailan egon den pilotari kuttunaren ibilbideari errepasoa egingo du Joseba Urkiolaren eta Oier Plazaren dokumentalak, bere azken pilota partidaren egunean.
Azken sakea. Barriola versus Abel dokumentala estreinatuko du gaur, 22:00etan, ETB1ek. 19 urtean goi mailan egon den pilotari kuttunaren ibilbidearen errepasoa egingo du Joseba Urkiolak eta Oier Plazak zuzendutako dokumentalak, Donostiako Atano pilotalekuan bere azken pilota partida jokatuko duen egunean, hain justu.
Abel Barriola ez da edonolako pilotaria izan. Hiru diziplina garrantzitsuenetan txapela bururatu duen historiako bigarren atzelaria da. Aurreko koadroetan gutxik bezala dantzan egin duen kirolaria. Baina pilotalekuetatik haratago, Barriola izan dena izan delako bilakatu da Euskal Herriko etxeetan kuttun. 19 urtean goi mailan egon da, afizioa ofizioa bilakatu zuenetik ia bi hamarkada. Beti lanean, beti pilota buruan eta sakrifizioari ahalik eta zuku gehien ateratzen.
Baina Barriolak zergatik izan behar du dokumental baten protagonista zazpi final galdu baditu eta bera baino pilotari hobeak egon badira? Bada, adibide argia delako txapelak lortu gabe ere posible dela pilotazaleen bihotzera iristea. Abel bezalako pertsonek egin dute pilota handi eta berezi. Ez garaipenak lortzeagatik, ez loria urtero dastatzeagatik. Iluntasunean beti jakin izan du argia aurkitzen eta horrek egin du berezi. Bere balioak egun profesional gisa hasi direnentzako eredu dira. Bere lanarekiko konpromisoa ezein langilek beretzat nahiko lukeena da. Iradokitzen duen naturaltasun eta patxadak beti egin du gizatiar. Azken batean, dokumentalak kiroltasunaren balioetara bidaiatzea du xede.
Jackie Robinson beisbol jokalari estatubatuar ospetsuak esana da, atleta bi aldiz hiltzen dela. Hausnarketa hau gakoa da gure lanerako. Ze Abelen ibilbide eta gorabeherek atentzioa sortzen badute, ez da gutxiagorako bere bizitza profesionaleko azken kapitulua. Berak erabaki du pilota alde batera uztea, aski esatea frontoiei. Askotan pilotak berak baztertzen du kirolaria, kasu honetan alderantzizko hautua izan da. Apustu gogorra. Eta orain zer? Horixe erantzun beharreko galdera. Robinsonek aipatutako lehen heriotza horren ostean, non isuri hautsak eta halere bizitzen jarraitu? Nola ekin pilotarik gabeko bizitza bati. Eskolako zorroan, lehen musuak ematerakoan eskumako eskuan edota aita zendu zitzaionean buruan zeukan objektu hori gabe.
Lan honetan parte hartzea zabala da. Nabarmentzekoa da bere kirol ibilbidean giltzarri izan direnak: Aimar Olaizola, Juan Martinez de Irujo eta Oinatz Bengoetxea azalduko dira. Baita bere azken bidaia laguna, Jokin Altuna ere. Baina frontoietatik haratago, Abelek zer esana piztu duela kontuan hartuta, bere etxekoak, lagunak eta leitzarrak ere agertuko dira. Nafarroan euskararen munduan izan duen oihartzuna eta garrantzia nabarmentzeko, Uxue Barkos Foru Erkidegoko presidentea edota Juan Kruz Lakasta kazetaria ere entzungai egonen dira. Azpimarratzekoa baita ere Leire Olaberriaren ekarpena. Kirola uztearen bizipenez, erabakiez eta sentsazioez hitz egiteko bidelagun izango du leitzarrak.
Guztiak dira pieza garrantzitsu, Barriolaz gaindi Abelen historia kontatzeko. Azken sakea izenburupean, kirolari baten istorioa baino pertsona batek ematen dizkizun bizitzaren inguruko lezioak dira erdigune. Barriola bezalakoek egin baitute gure herri honetako kirol berezia handi herri honetan.