Itxi

telebista

22:15ean

'XA 14. Xabi Alonso, Tolosatik Munichera' dokumentala, gaur, ETB1en

A.A. | EiTB

Euskal Herriak inoiz eman duen futbol jokalari garrantzitsuenetakoaren ibilbidea izango du ardatz ikus-entzunezkoak.

0:23

Xabi Alonso eta bere ibilbidea izango dira protagonista nagusi ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur gauean emango duten XA 14. Xabi Alonso, Tolosatik Munichera dokumentalean. Euskal Herriak inoiz eman duen futbol jokalari garrantzitsuenetakoa izan da tolosarra, egondako leku guztietan arrastoa utzi duena eta bere nortasuna erakutsi duena. Baina kirol ibilbide arrakastatsuaz gaindi, Xabi Alonso sakon ezagutuko dute. Anekdotak eta istorio partikular mordoa lagun dituela, Xabiren etxean futbolak izan duen presentzia bereziaz jabetu ahal izango da ikuslea.

Periko Alonso eta Mikel Alonso dira protagonista lan honetan. Xabiren aita eta anaia pieza garrantzitsuak izan dira haren egunerokoan. Aitarengandik heldu zaio baloiarekiko pasioa, eta anaiarekin bizitako une gogoangarriak eta abenturak ezinbesteko izan dira gure protagonistarentzat, iritsi den lekura iristeko. Familiak presentzia handia izango du, baina ez da bakarra izango. Gonbidatu bereziak izango ditu lagun Xabik, ETBko lantaldeak Munichen egin zion elkarrizketa sakona behar bezala sendotzeko.

Mikel Aranburu, Asier Illarramendi, Jorge Valdano, Vicente del Bosque, Iñaki Ibañez edota Mikel Etxarri dira gonbidatuetako batzuk. Horiek guztiek futbolarekin bizi izandako abentura, sufrimendu, zorion une eta bestelakoak kontatuko dituzte lehen pertsonan. Baina hizpide ez da baloia soilik izango, ezta gutxiagorik ere. Liverpoolera maiz joaten ziren zaleak, Antiguokon izan zuen entrenatzailea, eta Xabiren eta bere estilismoaren inguruan erradiografia aberasgarria egin duen moda disenatzailea ere gonbidatu dituzte.

Horrekin guztiarekin batera, ikuspegi geografikoak ere balio handia dauka. Xabi munduko txoko askotan egon beharrean izan da. Tolosa, Antiguo, Donostia, Liverpool, Madril eta Munich oso leku garrantzitsuak izan dira berarentzat, eta leku horiek ere ezagutuko dituzte Xabiren ikuspegi pertsonala lagun.

XA 14. Xabi Alonso, Tolosatik Munichera dokumentala Euskal Telebistako Kirol Erredakzioak ekoitzi du, eta Naxari Altuna, Antton Aldekoa eta Joseba Urkiola kazetariek egin dute. Gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

s-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista