Itxi

telebista

Gaur, 22:30ean

Gazteen arteko indarkeria sexista hizpide, 'Equipo de Redacción' saioan

EITB

Gazteen arteko harremanak aztertuko dituzte matxismoaren areagotzearen arrazoiak azaldu nahian.

Gazteen artean, emakumeen kontrako indarkeria kasuak hamar bider ugaritu dira. Uda sasoian, herri eta hirietako jaietan, eraso gehiagoren berri izan ohi dugu. Gaurko 'Equipo de Redacción' saioak gazteen arteko harremanak aztertuko ditu, matxismoaren areagotzearen arrazoietan sakonduz.

Hamasei urte zituenean, herriko jaietan bortxatu zuten gazte bat ezagutuko dute, baita bere erasotzailearen kasua daraman psikologoa ere. Gainera, Iruñera joango dira, pasa den urteko Sanferminetan sexu erasoa pairatu zuen beste gazte bat elkarrizketatzera.

Emakunderen esanetan, erasotzaileen %26a 30 urtetik beherako gazteak dira. Honenbestez, belaunaldi gazteen artean matxismoak gora egin du. Zein da horren arrazoia? Zein motatako harremanak dituzte? Zergatik onartzen dituzte neurriz kanpoko jarrera matxistak? Besteak beste, Aroaren testigantza entzungo dute. Bere bikotekidearen kontrolpean bizi zen, eta banandu zirenean, urruntze-agindua eskatu behar izan zuen.

Zerk bultzatzen du jarrera hori mutiletan? Nanok bere harremanetan kontrola galdu ezin duela aitortuko du eta horren arrazoiak azalduko ditu. Mugikorra, adibidez, bikotekidea kontrolatzeko funtsezko tresna bihurtu da.

Veronica Rodriguez psikologoak bi gazteren arteko harremana toxikoa bihurtzeko eman behar diren baldintzak aztertuko ditu. Maite Iturrate abokatua, bere aldetik, epaitegietan egiten den lanaz arituko da. Kasu askotan, emakumeak erasoen errudun dela uste du eta zaila izaten da eraso bat egon dela frogatzea.

Amaitzeko, 'Equipo de Redacción' gazte talde batekin bilduko da haien lokalean. Neska-mutilak euren harremanez mintzatuko dira eta indarkeria matxista haien eguneroko bizitzaren parte ote den azalduko dute.

'Equipo de Redacción' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.